Euskal trajedia
Aresti, Gabriel
.............
Orduan jaditsi ziren hara nafarrak,
gurutz gorria ta bihotza berriz belza.
Debarzete zetorzan jainko onarekin.
Haiekin zetorzan: Etiopianoak,
Ligurietako zesar atorra belzak,
ta Atila berriaren barbaro krudelak.
Egia da ezen mozarabearekin
firmatu zutela tratua, ekartzearren
bakearen errege bat arbitratzera.
Ez nuen ikusi inundik erregerik.
Esaten zidaten errege zela ona,
hala nola ez balitz gizon bat hur ere.
.............
Orduan jaditsi ziren... nora?... nafarrak,
euskaldun guztien anaia nagusiak.
Haien anai guztiak iraindu zituzten.
Famili batean direnean hauziak,
ez da konprenitzen zergatik baketzera
etorri behar duten honbre-buenoak.
Eta nola Kahin eta Abel zaharrek,
eta nola zimu basatiek egiten
dituzten oihanean zima bategatik,
halarik euskaldun herri artean ere,
erdikoa zuen zihortu nagusiak,
anaia tikiaren begirada-pean.
.............
Orduan ez ziren ailegatu nafarrak.
Hurbildu zitzaien Franfran arlote hori
erreinuaren lege zaharrak kentzera.
Dohatsu lizake izanen Nafarroa
harmatuko balitz del monte che la fascia,
Bizkaiarekin balitz adiskidetuko.
Orduan Gaztelak eta Franko-herriak,
Aragoi-herriak eta Mauritaniak,
ez lukete Iruinean parterik ukanen.
Defendi dezagun arreba nagusia,
Espaini guztien prima lehen gusia,
primutasun hortatik deseretatua.
Bizkaitarra
Aresti, Gabriel
Iretargi barriak ez dauko argirik
Ez gauerdiko eguzki otzak berorik
Ez da izango Bizkai maitea inoz penadu bagarik
Alan diragutsue Gabriel Arestik.
Hitz eta mintz
Aresti, Gabriel
B): ARTXANDARI BEGIRA.
Odoleste frijitua eta tomate freskoa
afaltzen nuen artean.
Artxanda ikusten dut leihotik
eta pensatzen dut
hilek ez dutela ajola.
Biziek bai, haundia.
Gure hilak dira eta
haien biziak, baina
ez dio ajola.
Hilei lurra eman baitdiete,
eta biziei kendu.
Hogetalau urte honetan egon natzaio mendi
horri begira,
eta lehen baino txarkiago gaude.
Nire izena
Aresti, Gabriel
L): NIRE IZENA.
Hiltzen naizenean egonen da
nire lauzaren gainean eskribu hau:
Hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego.
Pérez y López. Marmolistas. Derio.
Bizkaiko Bibliotekan ere egonen da
(deskomekatzen ez banaute),
liburu bat (behar-bada, ez da seguru),
inork letuko ez duena,
nire izenarekin. Eta
gizon batek esanen du kardanberak loratzen direnean,
Nire aitak esaten zuen bezala, nik ere...
(Andre bat etorriko zait Done Santuru oro
lore-koroa batekin).
Jainkoak ez dezala nahi Bilbaoko karrika bati
nire izenik eman dezaiotela.
(Ez dut nahi bizargile hordi batek esan dezala:
Ni Arestin bizi naiz, anaiaren
koinata nagusiarekin. Ba dakizu. Maingua.)
Batzutan esan zaharrak erratzen dira.
Pensatzen dut nire izena
nire izana dela,
eta ez naizela ezer ezpada
nire izena.