Oso hurrutian
Otero eta Muņoz, Bladi
Andre triste eta pintatu haiek
boltsa guztiari irritzen zioten hortza,
eta gizonek, irakurtzen ere etzekitenek,
barnetik begiratzen zioten, galtzerdietara.
Hau egarria, hauk eskaleak betitasunaren
gonetan. Elizaz eta hospe txarreko etxez
beterikako hiria: Bertan gizona asetzen da,
eta esku-beteka partitzen da gosea.
Tatxaz beterikako hiri benedikatua,
adulterioz eta perdunantzaz zauritua;
bertan arimak lohizkoak dira,
eta lohiak izarrak zikintzen ditu.
Hiri langilea, fabrikazko salmoa, bertan
arnegatzen da gizona, eta konseilu-maipuruek
errezatzen dute: Ene! Labe Haundiak,
lainopean infernu sakonak zarate.
Gauerdiko hiru orduak eta bost minitu.
Ateak, ateak, ateak eta ateak edonundik.
Nerbion ondoan egiten du gernu gizon batek.
Bere bizikletetan igaratzen dira bi goardia.
Eta begiratzen diet eskaparateari. Paka
eta Luz. Noren semeak. Zetazko galtzerdiak.
Meza-liburuak, eliz-liburuak edonundik.
Eta meza-liburuak. Kandelak. Zirioak.
Sortzez Garbiari bederatzi-urrenak,
Goian dago berna gurutzatuen
olgantza. Hauzo-herri eskandalagarria.
Baina trankil lo egiten dute dontzellek.
Eta kaletik kantatzen dut. Eztit
batere inporta jaio nintzen herriak.
Oso hurrutian entzuten bada ere
Jainkoaren itsaso neurri-gabea.