Arkaitz ganeko elorri
Gandiaga, Biktoriano
Arkaitz ganeko elorri,
bustirik gabe urte bi.
Adar garratzak zeru gorrira
ez lora bat, eta ez orri.
Beti ioakon goizalde
iruntzik ixuri gabe;
odeiak agor, aizea legor,
eguzkia kiskaltzaille.
Lorrez igartzen mamiņa,
arropuzturik azala.
Noizik bein arrak egiten eban
naigabe taupak lertuta.
Aritz, pago... odolditan;
bera arkaitzean jaio zan.
Iņork ea eutson begiratuten
zeru ta lur zabaletan.
Txoriak kabi egiten
oraindik jarraitzen eben.
Bere adarto kiskaletara
egorik etzan etorten.
Abaro billaka ardiak
buru-makurrik jarriak.
Anpor ondotik urrun joaten
ikusten zitun guztiak.
Ez eukan danez bustirik
malko bat ixurtzekorik.
Legortzen ioian, bigurtzen ioian
egarri-ebaiz beterik.
Goiko Jabea igaro zan
oian-bidetik orduan.
Ikusi eban elorri latza
arrakala-min barruan.
Ixilla eta bakarra,
Aize beroan su-garra.
Nork daki ordu gori aietan
zeruan gertatu zana?
Gaba etorri zanean
itargia bularrean,
iruntzen-Ama eban ikusi
elorriaren ganean.