Bizi-hariaren txinpartak
A. Beloki
(«Zatozkida, Goi-arnas, eizu nerekin lan,
erri baten arnasa mamitu dezadan...»)
Ene bizi-ohiala
Urduritasun etsian
iruten neure kasa.
ur andur txixtil hertsian,
bertso-hari mataza.
Begiak erdi-geundurik
irutera noala...
gau itsutik aldendurik
nahi nuke berehala
hitz-arimaz ehundurik
utzi bizi-oihala
Oroitzapenen hegitik
garraiaketa latzez;
eder-ondasundegitik
olerkimin-hegatsez,
altxor biltzen ikatz-begitik
nabil sorgin-erratzez.
Ai, kutxa itxi txokoa,
nork ebatsi dik giltza
ene lehenaren gakoa?
Gordairu bitxi gisa
bihotz-barne ezkutukoa
haiz eta eskuragaitza...!
Hator, hator, Argi Sorgin,
beltzik den gauerdira!
Xamurki dinat hotsegin
ene lira-harira
ilunpe hau gerta dadin
eztai-festa dirdira.
Urduritasun etsian
iruten neure kasa,
ur andur txixtil hertsian,
bertso-hari mataza.
Herio-mandatari
Arrotzak sartu dira
gorroto garrez
gerra zakarrez
mugarrion erdira
irriaren dirdira
galdu beharrez.
Aurrez aurre berbertan
suzko armaz berbetan
herio-mandatari
gorroto gorra arnasgai
basalegea ikasgai
gerra-sua janari.
Herriaren dirdira
galdu beharrez
arrotzak sartu dira
mugarrion erdira
gerra zakarrez
haserre garrez.
Mendien gailurretan
lueban-zintzurretan
gudarien arnasa,
arimak urraturik
hartara beharturik,
burrunbaz metrail-jasa.
Mugarrion erdira
gerra zakarrez
haserre garrez
arrotzak sartu dira
bakearen dirdira
galdu beharrez.
Han behealdeko trokan
amildurik borrokan
han dautza lur-lepoan
ela beltzen orkesta
sarraskizale-festa
fago zaharren orpoan.
Gerra zakarrez
haserre garrez
irriaren dirdira
galdu beharrez
arrotzak sartu dira
mugarrion erdira.
Basoko motozerra
zur-gosezto ankerra
krak hagin-karraxkadaz;
harkaitz artetan gorpu
dena hits basamortu,
aidearen dardaraz.
Arrotzak sartu dira
gorroto garrez
gerra zakarrez
mugarrion erdira
irriaren dirdira
galdu beharrez.
Gaua, bihotzen gaua,
gudari nahiz soldaua
sentipenen lozorro
arima kainoi-puntan
arriskuaren sutan,
herra sorren mozorro.
Herriaren dirdira
galdu beharrez
arrotzak sartu dira
mugarrion erdira
gerra zakarrez
haserre garrez.
Bonbaketa artean
dramazko gerratean
eszenara sortuak
ai, ene haurrideak!
Odolezko bideak
ikusten koxkortuak.
Mugarrion erdira
gerra zakarrez
haserre garrez
arrotzak sartu dira
bakearen dirdira
galdu beharrez.
Ezin egon, ba, posez
haur ttikitxoak gosez
aita frentean eta
ama dabil ameskor
nork emango ogi koxkor
aita falta da eta...!!
Gerra zakarrez
haserre garrez
irriaren dirdira
galdu beharrez
arrotzak sartu dira
mugarrion erdira.
Ene amaren kemen!
ttikitxoak hor-hemen.
Gonari atxikita
bi dabiltza eskean,
bost gehiago etxean...
Ai, bihotzak itxita!
Arrotzak sartu dira
gorroto garrez
gerra zakarrez
mugarrion erdira
irriaren dirdira
galdu beharrez.
Bonbaketa artean
aitak entzun frentean
mandatari-hitz eztiz
bizi direla denak.
Agur, gerlako penak!
Eskerrak! «nunc dimittis»!!
Herriaren dirdira
galdu beharrez
arrotzak sartu dira
mugarrion erdira
gerra zakarrez
haserre garrez.
Jaunari otoitzean
iluntza bakoitzean
aita etxera dadin
osasun eta bakez
maitasunaren atez
gozatzera hainbat samin.
Mugarrion erdira
gerra zakarrez
haserre garrez
arrotzak sartu dira
galdu beharrez.
Arrats gorrixka ñabar
barnean otoitz-marmar,
orak pozez irrintzi
hitzez esan ezinik
bazen han ñirñir finik
aita zen, bada, iritsi.
Ilinti gainetan ortozik
Nigar dagite zenbait mendik:
« Gerra pasatu da hemendik».
Oraindik mehatxuka dirau
haren atze goibeleko gau...
Nabarmen hor utziz lorratzak
ariman odol-marka latzak;
eroritakoak gogoan
begoz Jainkoaren ondoan.
Eroritakoak gogoan
arnas irakina kolkoan,
zelatarien begi-kisten
salatarien mingain-ezten,
sarraskizaleen jai makur
zeharkakao hegazkada bihur.
Ilinti gainetan ortozik
gu betoskopean bilozik.
Euskadiko lur urratua
gerra amorratuz jorratua.
Hortxe hiltzear larrugorri
gure ezpal, gure jatorri!!
Hartz-atzaparrez markaturik
odol-istilez zakarturik
etorkizun bidekrutzean
zurtz, bakar, arima hutsean.
Zurtz, bakar, arima hutsean
laborria bihotz-zuntsean,
amets gaiztotik iratzarriz
baina egia gordin larriz.
Ondamendiko ondorio:
dena herra, dena arerio
ezin ahaztu denbora-altzoan
edena baita aire-ahoan.
Geure sustraitik erauziak
ezaren kalera jaurtiak
hemen gaude noragabe itsu
betilun, eskuak zauritsu,
aurrean ondamen-drama hau:
haur-nigar, otsoen alarau,
ezinbertzeko kalegorri,
gartzela edo eta atzerri...
Iguzki-arnasa da izoztu
giza-barrunbeak mingostu;
Haizek suge-firfira dagi
hits datza mihisetan ilargi.
Ai, zerua etsi-etsita
trixteki begiak hertsita!
Kantatzen herri-doluminak
datoz itsas-bertsozko uhinak.
Sastrakan minberaz asuna,
kresal arteko behazuna.
Aurpegi luze betzulo hits
dena lorrin, bazterrak likits
gerrosteko astelehen larri
zirimolaren oroigarri.
Denbora, hutsa dariola
doa, zerbait marmar diola.
Bizia hor herio-mugan;
berbiztuko ote da gugan?
Lehengo bideak ziren eten
errauts artetik ezin erten
ondamen-hesian katigu
geure ahultasunaren testigu.
Zenbat oztopo zenbat zoztor!
Denek xehatu zuhaitz jauskor...
Ariman gatazka-kedarrak,
oroimen-barnean ondarrak.
Ezin ahantzi arin-aringa
esperlentzi latza haginka.
Gerrateko umeon zoria,
txit sendagaitza den zauria;
gure belaunaldi errea!
ezin loratu irribarrea..
Gu erosketa ta ezezkor,
halabaina herrla ameskor
ezinaren errautsetatik
begitazio beltzetatik.
Ken iraganeko oroitza,
begiak altxa, xut bihotza,
bizitza berriro hasten da
tunel beltz itsutik irtenda.
Urrats tinkoak eman behar
ondamendi-etxetik zehar
hilerri irekian ibilki
zorabio gabe bipilki.
Gaua da. Izarrek intziri,
ametsez jeikiko goiztiri
haseran nagi, aharrausi
menturaren plazara jausi
Ai, gure dramazko ihauteri
arranoa hegoan eri;
menderakaitz da arroka-erpin
ortze-sapaiko urdlndura fin.
Etorkizuna, amets gori
izar bat handik da erori.
Xut burua, lurrean oinak,
jar aro berriko zutoinak!
Gauak ondoren egunsenti,
lurrak erdimina du senti.
Gaur arantzak hezur-muinetan,
bihar lorak ernamuinetan.
Atzokoan gerra trixtea,
gaur biziaren berbiztea.
Sasian zozoak habia,
dantzan ari da izadia.
Izadi librearen taupadak
Oihaneko fago-sustrai altzoan
orbel kixkurren maindirapean lo
haizearen xurmurrizko bertsoan
ontto-sehaska bat heze, pottolo.
Txapelpetik nontzebarri kukuka
goizeko ihintzaren bataio-ttanttoz,
xuri borobil irritsuz keinuka
ixil, taxu inoxoaren zantzoz.
Ernalduraren berezko mirari
Basajaun baten zirrizko kilima
lur emearen barneko emari,
bildots-gorotzez onduriko klima.
Txutxumutxuka aho-xuri galai
laminarekin maiteminez eri,
goi aldeko erromeritik alai
dator ura, han gorde hor ageri.
Harat-honat bidaietan jolasti,
firifi! jotzen heure txilibitu;
hi haugu, Haize, askatasun-azti,
hego zabal, aldeko ezpiritu.
Zuri-beltzezko abiada hautsian
tximista Enaratxo, gertatu haiz
trebe, ferra-gaineko jarauntsian,
udaberria berbiztu den garaiz.
Txirritxoriak han zeru urdinean
askatasunaren plaza irekian
jazz musikaren ritmo sorginean,
patioko haurren jolas jeikian.
Eztei-gogoz jeiki da egunsenti,
han zipres beltzean goizak ikara;
heriopean bizia ozenki
dator udaberriko bisitara.
Maiatz osoa nigarti, hasarre
bilduriko ozpin guztiak ixurtzen;
hodei beltzak kostaldean batzarre...
hasiko al dira bakez bihurtzen?
Haizearen ibilera libreak,
itsas-uhinen betiko brastada,
misteriozko izadi-bideak,
Ilargiaren sorgin-begirada.
Izadia hortxe dago aldakor
ortzadarraren tintaz ñabartua;
batzutan nare, bestetan oldarkor,
altxor gordea eta zabartua...!
Askatasunaren ondasundegi,
olde naturalaren ikuspegi.
Haurtzaroa oroituz
Untxitegi bat bezala
zen ene gordabia,
orpoz-orpo alderreskan
hornitu zen kabia:
aurrena koxkortu-ala
toki eske berria!
Bazen han bizi-irakina
nigarra eta irria.
Oroitzapenak pilpilka
hegan noa haurtzarora,
aingeru pottoloentzat den
txokotxo narora,
ipuinak eta ametsak
erein ziren sorora.
Gau-egunez zamaturik
aldia igaro da.
Ilargia dantzan dabil
neurtzen gure denbora.
Haurtxo mordo muxugorri
han inguru-minguru...
ene amaren kemena
mantentzen hainbat buru!
Begi gardenez hari so
otorduen aiduru...
Nola utzi entzun gabe
aingeruen erregu?
Udaberriari deika
loratu da sahatsa,
irriño xuriz jantzi du
bildotsaren adatsa.
Ene etxeko txoko hartan
ama dugu ardatza:
atergabe harat-honat,
maitezko olde maratza.
Atergabe harat-honat
erletxoen ekina,
irakinez berbaroan
gordetzen etekina.
Gezi zaztakorra zaio
ttikien intzirina...
haitzetik sortuko luke
amak, jateko aina.
Goi-urdinduratik barrez
argien erregina,
urrezko bihotz beroak
lurraren maitemina.
Etxe xahartxo txokorantz
dut neure biziko grina,
han bizi baita, atsotxo,
guztion argl fina,
Jainko onak bidalirik
zerutiko arima!!
Ixil-mixllka ihintza
zelairatzen den garaiz,
egunsentiaren irri
txorien doinu alaiz.
Ezpain ertzetik otoitzak
zihizkatzen ditu maiz,
ama baita euskaldunon
etxe barneko apaiz.
Gogoan dut, mutil koxkor,
urte haien bolara:
etxezulo eta izu,
ez nenbilen gogara.
Letra-saltsatan galdurik
erdararen okada,
a-e-i-o-u ikasten
hasirik eskolara.
Tiberiades ertzean
Maisu berria ageri,
xamurki hotsegin die
hiruzpalau gazteri.
Gure eskola xarpail hartan
dei bat beren-beregi...
irribarrezko hots hari
nion lotsakor segi.
Errekaxto gardenetik
amorraina erauzi...
Giro arrotzean nintzen
dardar, hezikaitz jausi,
latinarekin borrokan
hamaika auzi-mauzi.
Neuretik hustu ninduten
erdara zen nagusi.
Iragan bolara horri,
hats mikatza darizu,
hain apainduri ituna
nork jantzi ote dizu?
Orban-gerizaz dakusat
orduko pasadizu;
sermolari suhar haien
garraxi eta izu,
infernuko kixkaldurak
aipatzen jo eta su...!!
Gain-estalki beltza duen
urrearen dirdira!
Ilunbe itogarritik
irten bazko-argira.
Eliz-komeri guztiak
sinesgarrl ez dira...
Amets goxoz jeiki nintzen esperantza berrira.
Jeiki jeiki
Ekin ekin, herritarrak
ixilpeko lanari
ixilpeko lanari.
Inurriak harat-honat
langile-aintzindari...
Meatzeko galeritik
ekin ritmo finari!
ekin ritmo finari!
«Ni naiz kapitain pillotu»
etsaiak hil, atxilotu!
heure zigorraren mende
ezarririk hainbat jende...
Ai, gixon zital maltzurra
azti galgarri makurra,
Pardo aurreko kukuxu
deabruaren lehengusu!!
Behazunaren mikatza
horra esperientzi latza!
negu gorriko elurte
diktadurapeko urte...
Ekaitzaren zurrunbilo
gartzela edo morroilo
ahoak hertsirik mutu,
herria baitzen izutu!
Tximista goitik zintzilik
herria dago ixilik,
haren ahoko mihi gori
zirt-zart baitzaio erori...
Oi askatasun, non hago?
Beste mundura haiz irago,
gu hemen katez utzirik
hezurrak ere hautsirik!
Erpinean harrapari
haitz-gazteluko ehiztari
altzairuzko begirailuz
noiz eroriko jausgailuz...
Oi askatasun, non hago?
Beste mundura haiz irago,
gu harrapari-erpatan utziz,
haizeen enbatan!!
Ene herriaren zotina
tristuraren intzirina
jotzen dihardu haizeak.
Hiletako mihiseak
dira ene bihotz-muinak
odolez buztitako uhinak.
Errekaxtoen murmurra
esperantzaren agurra...?
Oi amairik ez duen gau!
txingarrak hauspean dirau,
haren bero-izpiritua
bere baitara bildua;
errauspean lokartua,
baina bertan suhartua
indar bilduen su berriz
askapenaren egarriz.
Negua, aro emankor
geroko promes berankor;
amaren sabel iluna
lehen sehaskatxo biguna.
Katakunbetako aro
ilunbetako abaro.
Lurra txuri-berde-gorriz
loratuko da udaberriz.
Odol beroz gerratean,
izarren begirapean
gero, erein zen hazia
lurrak gorde arazia.
Ixilpetik erneko da,
txit lerden azpitik gora
lur-ikara ixil gordean
erditze-zirkin berdean.
Azpieragin bortitza
hortzak estuturik bitsa
erakusten du amorruz
itsas oldartuak orruz.
Gazteriaren arnasa
barne-irakinaren jasa...
Ifar-Hegoan da entzun
jarki berrien oihartzun.
Apaiz gazteen mitina
odolaren irakina...
profetagintzan garraxiz
eroriari urgaziz.
Oinaztarri zorrotzetik
sorturiko hitz garratzetik
egiak aldarrikatzen
eta askapena irrikatzen.
Jeiki jeiki, herritarrak
gurea da geroa
gurea da geroa;
esperantza goi-zelairantz
hega-hegaka doa,
ekaitz ondoko egunak
irriñoz du ahoa
irriñoz du ahoa.
Amets ximelduak
Jausi da Olinpo goiko jainkoa.
Han erorien haran hautatuan,
gainestalkitzat harlosa trinkoa,
ehortzi dute betiko ostatuan.
Ehortzi dute betiko ostatuan
haundi-maundi artean ohi den gisa
haitzurdinaren barrunba izoztuan...
Haren izpirituaren geriza
hegan dabil kuarteleko izkutuan
saguzaharraren islaka itunean,
mamu beltzaren erritmo ilunean.
Goiko plaza irekian ibilki
laztan eztiz hatorkit, lurrin garbi!
ezpain egarrituetara ixilki
aidean poz-ijotika dantzari.
Oi askatasun, hegaka bipilki,
bihotz barnetan egonik katigu;
hire falta zer den bazekiagu!!
Lurrinak muxuan blastada goxo.
Baitua hengoen ontzitik ihesi,
askatasun-mezuz alai, airoso
gaindituz itxitura eta hesi,
tipo egin dut hirekin inozo
ustegabeko taxu sorginean,
amets xarmanten egoitz urdinean
Aro berriaren bultzada gartsuz
itxitura-atean erne zeudenak
plazaratu dira urrats oldartsuz.
Presa-leherketa baten hastapenak
goitik beherako urjauzi apartsuz
esperantzaren plaza irakinera
datoz, hitz ezberdinen mitinera.
Erritmo askatuko letra saltsa!
Gorderik zeudenak azaldu dira:
«Egunsentia duk, burua altxa!
Ikus aro berriaren dirdira!»
Hasi da alderdlen plazako dantza...
Udaberria apaindu zaigu lorez,
horma-ondoak ortzadar kolorez.
Izen berriak nonahi dira ageri
elkarren lehian, herriko azokan;
horma-ondoak letretan igeri
brix-brix egiten irudien sokan.
Hitzen eta paperen ihauteri!
Haizeak ekarri, haizeak eraman...
hitz eta pitz haizearekin hegan.
Haizeen jostailu paper-kondarrak
haurren ostikopean zanpatuak,
kale zokondoetako zakarrak
zurrunbiloka sakabanatuak...
Ur gainean loraturiko aparrak,
horrelaxe dira gure ametsak:
hitzen magiaz urre bihurtuak
ta edur gisa eskuan urtuak!!
Lehengo gazteri fina kalez-kale,
jaberik gabeko txakur galduak!
ubidetatik irtendako uholde,
mundu ustelaren izar itzalduak:
lan gabe etsi-etsirik, drogazale...
Oi gizarteak sorturiko aihotz,
atsegin-jariodun ezten zorrotz.
Zakur gosetien erdian larri,
krisialdia hor hurbil haginka
langabeziaren saminezko kinka!
Horra pobreen trajedla berri
bor-bor darien nigar-iturria,
herria herdoiltzen duen izurria.
Odol-iturri, hor dago krisia
agorturik lehenak emandako uztak,
egunak itzal, tristuraz bizia,
tailerrak, lehenaren hondakin-puskak...
Giza-ohorearen minbizia.
Haurren irria tristeki izoztua,
aita-amen begirada mingostua.
Itzali zen Olinpo goiko hitza;
biharamonean bihotz-zuntzetan
garden pausatu zen amets-ihintza...
Baina hona dardara gorputzetan
haren izpirituaren geriza
kuarteletatik hegada ilunean, s
aguzaharraren islada itunean!
Orban ilun: OTSAILAK HOGETAIRU!
lur askatuan azaldu den leize,
harrapari prestuezen jostailu.
Han-hemen abertzaleen ehize;
hitz goxorik ez. Herio-altzairu!
Bai, amets gardenak dira erori,
Euskadi zutik dago gori-gori...
Jausi da Olinpo goiko jainkoa
Han erorien haran hautatuan,
gainestalkitzat harlosa trinkoa,
ehortzi dute betiko ostatuan.
Nafarroa kondairaren urrats galdua
Asaben lorratz bila noa
gaur ez denaren dei minbera
bihotzean; tristurak joa,
zauriz bustitako galdera
larriz: «Non zaude, Nafarroa?»
Arbasoen izpiritua
Baskoin Erreinuan gordea
gaur herioak ukitua!
Ia galdurik du kordea
arrotz-afrontuek ahitua.
Zure bide zidorretatik
maiz iragan naiz sustrai bila;
eremu latz elkorretatik
aditu nuen hil-eskila
itun galsoro alorretatik.
Baina ez, ezin dut sinetsi,
leinu horren fruitu baikara
sorburua ezin gaitzetsi.
Magal hezeen bizi-ikara
zirraratsu nuen miretsi,
O! Nafarroa, ñabarduraz
betea, lur zabal desberdin
lautadaz eta ximurduraz,
eremu elkor, malda gordin
Erdi Aroko harmaduraz.
Zure haunditasun itsaso
ekaitz arrotzen lur ireki,
Euskal Herriaren arbaso,
zugan genituen ereiki
amets-gazteluak airoso.
Zikoinak kanpandorreetan
lirain pausatzen diren garaiz
ni ere urteroko oporretan
zure barnean mugiltzen naiz
mendian nahiz lur malkorretan,
Berezi nahi diguten zati
Nafarroa, lur maitatua
Ifar-Hegoen adabaki;
gure zutointzat hautatua
afrontupean den izaki.
Herriaren bihotz urratu
kondairaren urrats galdua,
bideko erromes erratu
euskal hildotik itzaldua,
baina guretzat lur sakratu.
Hamaikatxo galdera larri
bor-bor darablltzat kolkoan
nahasian josirik elkarri
nahi eta ezinaren jokoan,
geroa baitzait kezkagarri.
Menditik ibaiak bezala
kezkaz dakusta nola doan
herria, uharkek hartu-ala,
gainbehera betiko hildoan
laztanduz meseta zabala...
Nora zoaz, Arrano Beltza
zeure gordabitik ihesi...?
Odol gorriz duzu hegatsa
ta nahi nizuke itzul erazi
utzirik bidaia traketsa.
Itsaso bat aurrean gariz
haizeak leunki orraztua
jolasean fir-fir kantariz,
plano kuadratuz marraztua
iguzkia bertan igariz.
Lur lauen itsasotik gora
horma gerrariz babestua
den gaztelu-herrl trinkora.
Uxue, haitz-bihotzezkua,
zugan lo ikusi dut denbora.
Nafarroaren babes gogor
garai zaharretarako zubi,
iraganaren testigu gor
Erdi Aroaren zurubi,
iraupenaren murru gotor.
Erreinu zaharraren irudi:
gaztelu eta monastegi,
sor, mendean lotan dirudi,
gauza bitxien ikuspegi
Gaur zurekin naukazu urduri.
Bizitza eta heriotza
orpoz-orpo beti ondoan;
horra hor osagai bikoitza
eten gabe lehia zoroan...
bai norgehiagoka mingotsa!!
Ia-ia lurrak irentsirik
han dago herrixka trixtea
herio-ahoan utzirik.
Pena da hartara irixtea
denboraren sarez hertsirik.
Beltz ditu leiho-zulo hitsak
herioaren arnasa hartzen,
historiaren zutoin-giltzak
lur-ziloan betiko sartzen
trabesturik habe murritzak...
Han dago hondakin moltzoan
jausien trantze berezian
trauxkll lur amaren altzoan
oroitzapenen eresian.
Bi sai bertan dolu faltsoan
hegotzarrei eraginez,
hileta ordez jai eginez.
Nafarroko lurrean zehar
Baskoin herriaren arnasa
ahul aurkitu dut suntsitzear;
arma galdu duen traza,
itzali heinean den izar.
Asaben lorratz bila noa
gaur ez denaren dei minbera
bihotzean, tristurak joa,
zauriz gustitako galdera
larriz «Non zaude, Nafarroa?»
Xiu-xiu xixtuka
Xiu-xiu xixtuka
trena arnas-extuka,
mamu beltza bailitzan
pizti txar baten gisan
ikusi zuten trena
infernutik irtena,
izugarria zela
suge baldar bezela...!
Arbasoen tren hura
mitoetan galdu da
Badator irrixuriz
goi-tximixtak ixuriz,
baina erritmo finez
bere urruti minez
aurrera triki-traka
sabela txirrixtaka.
Bidaztien egoitza
etxe luze bortitza
bizkar-hezur mugikor
munduz-mundu ibilkor
paisaiaren ikerle
menturaren maitale
herriak biltzen elkar
burnibesotan zehar.
Zenbat dakizun, trena!
agurraren auhena...
baita itzultze poza
zugan ohi dugu goza
aro ona nahiz ekaitz
zu zeurean izukaitz;
zugan poza xurgatzen
nahiz malkoak txukatzen
Triki-traka, triki-tra...
ibiltari ausarta;
lehen garaian xixi-fu!
orain hariz katibu.
Zeure erritmo berdintsuz
metal-ahots burdintsuz
pozik honuntz hurbilduz
jende guztiak bilduz.
Xiu-xiu xixtuka
trena arnas-extuka ..