inprimatu
Du Bellay plazako koplak
Izenburua:
Du Bellay plazako koplak
Sinadura:
Itxaro Borda
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
19.zk.
Orrialdea:
42-43

Du Bellay plazako koplak

 

Itxaro Borda

 

 I

 

 heriotza hurbilduko dut

 gaueko zakur gosetien artean

 hatsanturik ibiltzean,

 heriotza hurbilduko dut

 metal urdinegiaren adarretan

 zintzilik.

 

 II

 

 eguzki sartze mikatzetan kulunkatzen

 dinagu geroaren etorrera luzearen

 esperantza,

 egoera hau etengabea izango delako

 kafez zein nostalgiaz bustirik

 daramagun bizitzak

 eztin akabatzerik

 elurrez estalirik amesten haut,

 

 leihotik hormetaraino gauden pentsa

 ezinean,

 argirik gabeko bidean hostoak

 eroriko direnez

 kezkatzen,

 karrikan samurkiro gabiltzan

 baina bederazka gaitun

 bakarti hain bakarti,

 haizea altxatzen denean

 elurrez estalirik amesten haut

 maitea,

 

 III

 

 Doan bidexka zeharra

 eurite xoil apainean

 badinat hire beharra

 ikaraz hustu zainean

 

 Izkribazkin poesiak

 neguko egun hotzetan

 suntsi aldeko hesiak

 suak erre bihotzetan

 

 Bedi denboren zauria

 hitzen iturri bilaka

 lur krudelen ihauria

 dezagun susta milaka

 

 Ederrago brumen laino

 arats apal lasaietan

 negarrez urtzea baino

 urtxo sasoi pasaietan

 

 Mina eskutan kabitzen

 kopla arinez hanturik

 ez dinat beti aditzen

 maitasunezko kanturik

 

 Nor du hitsak ilusiko

 tristuren mundu eroan

 elkar gaitun ikusiko

 eguberri gau beroan.

 

 IV

 

 esperantza arrosen ortzemuga

 zeru grisek itzaltzen didatenean,

 galdetzen nago

 nola iraun dezakedan

 hainbeste denbora

 zutarik urrun

 buruaz beste egin gabe.

 

 herriko kanta zahar batek dio

 egunak egunen ondotik doatzila.

 zer gehiago?

 bitartean,

 justizi zozialaren izenean

 separatuak gara.

 

 ardurenean

 alta

 izigarri hurbil senditzen

 zaitut

 - zure hatsa...

 baina distantziak

 higatzen

 nau.

 eta eskakizun idatzitan

 galtzean beti

 ihardespen berdinak

 behar dizugu oroiterazi

 zehaztasunak

 bide hierarkikoaz

 planteatzea

 komeni dela.

 

 bide hierarkikoaz

 zaplastaturik bezala,

 hainbeste denbora

 zutarik urrun

 buruaz beste egin gabe.

 

 V

 

 frantsesa

 ilustratzeagatik

 joachim,

 plaza bat eraiki diate

 eta larrazkeneko

 igandeetan

 iturriko urak

 itsaso

 erdian

 jartzen gaituk:

 - mutil hartaz pentsatzen

 ari haiz oraino

 ezta?

 hire erromako herrimina

 denetan bilatuarren

 joachim,

 bakardadearen hatzak

 baizik ez

 ditiaguk

 aurkitzen:

 - aurtengo beaujolais

 berria gozoa dun

 ezta?

 amodioa xuxurlatzeko

 ordu herbailetan

 periferiko hegian

 PCaren zain

 pausatzen gaituk

 joachim,

 ilargiari begira:

 - oin bederak izariko

 zapeta jantz dezakeen

 ezta?

 nolabait

 oinutsik ibiltzea

 laketago zaiguk

 joachim,

 seaska kantak

 zizelkatzen ditiaguk

 zeru ankerrak

 eztituko dituzten

 ainarendako

 joachim,

 desolazio egunak

 pasatzen

 zaizkiguk

 inorekin mintzatu gabe

 joachim,

 telefonoak

 solas uholdeak

 askatu bide ditik:

 - haiduru egote hori

 zail zaidan

 ezta?

 ahuntz edo arrano

 bihurtzeko

 ametsez

 ibaien murmurioz

 gosez gaudek

 joachim

 eta ilunak,

 harrapatzen gaituelarik

 kalipsoren ezpainak

 samurrak dituk:

 entre les loups cruels

 j'erre parmi la plaine

 je sens venir l'hiver

 de qui la froide haleine

 d'une tremblante horreur

 fait hérisser ma peau,

 joachim.

 

 VI

 

 eta hire falta nabaditzen dinat

 hezurretan beharea ikaran

 ixurtzen,

 eta hire eskasak begiak hertsi

 arte itsutzen dizkidan

 gauetan,

 eta hitaz ments nabilan

 negu gorrian

 eskuttoak

 nork berotuko dizkinan

 eskatzen.

 

 VII

 

 neguaren hegaletan

 zaude beti esperoan

 ametsune zabaletan

 haizearen lo beroan

 

 loreak irriaz bildu

 nahian zeru hondora

 ainara ere hurbildu

 seaska honen ondora

 

 ilargi urreen teman

 aire arrosa zainean

 loak zaitzala ereman

 hedoi eztien gainean

 

 ninano bubak darama

 bruma ederren atean

 itzuliren baita ama

 egun euritsu batean

 


inprimatu