Bakarrik hautsak daki zer erran nahi duen bururaino...
Joseph Brodsky
Bakarrik hautsak daki zer erran nahi duen bururaino
erretzeak. Aitortuko dut alta, aintzinerako bixta laburreko
begirada batez: ez dela dena haizeak eramana, eta kortea
zabalki garbitzen duen erratzak ez duela oro biltzen.
Geldituko gara, zigarrokin zimurtu, thu, itzalean,
arraiorik sartzen ez den jargipean, eta lohiari tinkoki
loturik, egunak kondatuz, lurbeltz egingo gara, lapa,
kultural azal. Bere pala zikinduaren aurrean, arkeologoak
ahoa zotin batez irekiko du; baina bere aurkikuntzak
unibertsoa ozenduko du, lurrean ehortzi pasione baten gisan,
piramiden alderantzia bezala.
"Sarraskilari!" oihukatuko du erraiak atxikiz,
baina gutarik lurra txorietarik baino urrunago izango da,
sarraskilari izatea, zeluletan libre izatea baita, osotik aske
zatikien apoteosisa.