inprimatu
Come black
Izenburua:
Come black
Sinadura:
Itxaro Borda
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
7.zk.
Orrialdea:
18

Come Black

 

Itxaro Borda

 

 Come Black 1

 

 Udaren bero hartan

 esperantz bideak hertsiz

 nere gorputzeko

 daldar dudakorrak ito,

 urratu zenizkidan.

 Uste nuen ez nintzela

 gehiago zutik

 bizitzen ahalko,

 baina sendatu naiz

 askatasun zabalean

 irri dagit

 zauri guztien gainetik.

 Eta berriro

 erortzen banaiz

 jakingo dut

 jakingo

 maitasun baten azken hatsak

 beste maitasun baten lehen urratsak

 direla.

 

 Come black 2

 

 Ahanztearen iturrietan,

 nehoiz agortzen ez diren uretan

 garbitzen naiz,

 gehiegi eta debalde

 min egiten didatenean.

 

 Mundua maitatzen segitzeko

 minberenak diren sentimendu garratzez

 mundua maitatzeko .

 nere bihotz ttikitik

 gorrotoaren erroak

 kentzen

 mozten

 ditut...

 

 Come black 3

 

 Zertarako doan

 pentsatzeko denborarik gabe

 bizitza badoa,

 arrazoi ala ez

 bizi behar baina!

 

 Zoriona non den

 bilatzeko denborarik gabe

 bizitza badoa,

 zoriontsu ala ez

 bizi behar baina!

 

 Laster, lasterka

 ezer galdu gabe

 dena eta orain

 egunero

 orduero

 heriotzeraino

 bizi behar baina

 


inprimatu