Joakina bertsolari
Badago bertsolari fazeta bat Joakinaren lanetan. Izan ere
Bertsolaritzak garai hartan Xenpelarri esker lortua baitzuen zabalkuntza
haundia, eta Bilintx-Iparragirreren bertsoekin ordurarte izan ez zuen maila
poetikoa.
Joakina oraindik gaztea zela, eta ezkongabea, hil ziren hiru bertsolari
ospetsu horiek. Baina, nola diren gauzak, gure aurkikuntza honetako lan idatzi
batek salatzen duenez (eta hau gure bertsologoentzat kristoren deskubrimendua
dela esan liteke), oso posiblea da Bilintxek Joakina ezagutzea eta hartaz
maitemindu izatea gainera.
Bidezkoa litzateke pentsatzea balizko enkontru hori Ezkurrako ostatuan
gertatu zela, eta han ezagutu izanen zuela Bilintxek bere bihotz nekaezinaren
pilak berkargatu zizkion hamasei urteko neskatxa gaztea. Joakina izan ote zen
"Loriak udan intza bezala" bertso bikainen inspirazio iturria? Konklusio hori
erabakitzera ailegatu gara gu behinipein aurkitu ditugun paperen artean
Bilintxen bertso horiek, Joakinarentzako dedikatoria eta guzi, ikusi ondoren.
Eta are gehiago, horratx, gure pozarako, geure susmoak indartzeko argibide
gehiago, Joakinaren lanen artean hona ekarri ditugun bertsoak aurkitu
ditugunean. Bertan, sortako bigarren bertsoan hain zuzen, aski garbi ageri
baita, ulertu nahi duenarentzat, eginiko baiezpenaren egitasuna; baldin eta,
guk uste bezala, Joakinak lan literario honetan zenbait pasarte autobiografiko
erantsi bazituen.
Bertsook "Bertsolari gaztetxoaren erretratoa" (1924) izendaturiko
nobela luze eta sakonaren parte bati dagozkio. Neurri eta errima egokiz emakume
heldu batek bertsolari gaztetxo batekin bizitutako amodio ezinezkoa
deskribatzen zaigu. Nobelaren azken aldera kokatzen dira orri hauetara
transkibituriko bertsoak. Bilintx-ekiko erlazioaren aipamenaz gainera, nobela
neurri batean autobiografikoa litekeela diogu, Joakinak, azkeneko bertsoan,
batere erreparorik gabe bere izena eransten baitio, ez kasualitatez seguraski,
emakume protagonistari. Hori egia izatekotan, nor ote "bertsolari gaztetxo"a?
(Bere maitalea izan zenaren azken tragikoa ikasi ondoren, Euxebio
bertsolari gaztetxoak bertso paper hauek aurkitzen ditu emakumearen logelan).
Aipatu nobelaren 122. orrialdean:
1
Bertso berriak tema zaarrez
antolatzen naiz asia
nolazpaitean bideratzeko
barnean dudan antsia
daldara batek astindurikan
gogo ta gorputz guzia
nai ta eziņak ixurazten dit
nere aoko grazia
2
Izan nintzaden garai batian
ni norbaiten gustokua
bertsolaria zan ta gaņera
malla naiko onekua
loriak intza bezala maite
nindun zaar antxekua
baņan eznuen nik estimatzen
pajaro aren mokua
3
Orain ordea alderantziko
gertatua zait kasua
nik bizitz ontan aurrerantz xamar
emana baitut pausua
maitiak aldiz piztuberria
du bere barneko sua
bildots gaztia! janen nioke
bere aragi goxua
4
Ezaguturik aste parea
ortxen nunbait izango da
aize eguak agindurikan
sartu giņaden arlora
enkontru orrek biurtu nindun
erotik eroagora
bere illea korapillatzen
pasa nai nuke denbora
5
Ezin burutik uxa iņola
aren musu ta laztana
jakiņ amodio bi itzetan
esaten eziņa dana
maitemiņetan eroria naiz
sabel zulorako zama
aren begirada dardoa da
zauriturikan naukana
6
Ameskaitz gisa barne kixkaltzen
nauen su batek arturik
aren masailletako peluxa
ukituz sentitu nai nik
iņon sortzaillek eztu sekula
sortu larru fiņagorik
ezpaiņ suzkoak piztu ikara
ezta itzez esaterik
7
Noiz ikusiko dutan berriro
galdetu diet izarrai
illargiari begira gabaz
nago erantzun baten zai
ao beroa tunel ezea
maitasunerako langai
ortik ixuritzen dan likorraz
mozkortu gaitezen alai
8
Lepotik bera bidaiaria
abitu nai nuke berriz
titi punta bi, biguņ sentikor
arrokak pintura gorriz
txilbor barneko kobazuloak
rezibitzen banau irriz
irristatuko naiz beerantza
beste zerbaiten egarriz
9
Amodioak gallurrik badu
gau artan genduen lortu
animaliak garenezkero
ala giņaden agertu
xamurki asi ondorenean
gallendu eta gogortu
bildots goxoa uste nuena
ari zitzaitan biurtu
10
Eta geroztik Joakina au
aurra ez izanagatik
sare batera eroria da
arrapatua lepotik
emakumea nola nauzuen
gorputzez eta gero gogotik
ezin iges lur onek dadukan
plazer paregabekotik
11
Azken aurretik nere laztana
bertsoa zuri zuzenki
ikasia dut bazabiltzala
beste batekin garbiki
esperantzarik ezin nezake
zureganako eduki
neretzat ez zintezkela izan
badakit aski ederki
12
Nere umea nere gizona
nere bildots ta aari
nik erakutsi dizut nola den
gonapeko gela ori
plazer ezerdiz blaitua duzu
bi ipurmami guri
nai duzunian bisita egin
zaiozu Joakinatxori