Noblezia
Fermin Eguren
Etxe erraustuaren gerizan ezkutatu da neska
bonben lehertasunezko hatsari ihesi nahiz
baina soldaduak ikusi du
begi zolirik ohartu du haragi plazenta
horrorezko labyrintoan zotinka ihesi
eta gorputz guztia izeki zaio betan
su lama ahantzi batez
eta bolada hain luzeko inorekin ezak harrotua
ondotik doakio
neskatxa, neskatxa ederra, non ezkutatzen zara
bere baitan soldadoak, irritsak itoa
zatoz, zatoz enegana lili hori, ahantziko ditugu
suzko zurrunbioak eta ziztuka lazgarria
ahantziko ditugu errai barraiatuak eta berunezko gorrotoa
eta gure bataila atseginean galduko gara bozkarioarekin
karkailaz soldadua
zutabe porroskatu ta erauskinen artean lehiaz aitzinatuz
harik eta noizpait, kantoi ilunean
dardara ta lantuzko nahasmahasa
kausitzen duen arte
trionfazko marruma batez oldartu
eta beretzera egiten baitu
eta lotzen dira, lasa-hertsi bortitzean
neskak nigar eta soldaduak oihu
daina ozta hezi duelarik
izar askotako ahots batek atzetik soldaduari
larderiaz, aldegiteko
zantarra ez bestea, aldegiteko
edo tiro batez bertan garbituko haut
piztia greugarri bat bezala, ohore gabeko hori...
eta soldadua, ikaran, itzuli, ikusi, apalik altxa
eta ixilik urruntzen da
bere zorte beltzaz eta nagusi petralez
bost juramentu murdukatuz
baina beldurtu hutsez gibelera so ere egin gabe.
Eta hau egiaz pena handia da, zergatik
egingo balu
ikasiko bailuke agian
zer gisaz gerla denboran
neska bati bortxa egin dakiokeen
nobleziaz.