Itxaro Borda
Aizkorarenmusu zorrotzaz, behialako enbor ustelduaren altzotik sugea zirristatu
zen, iraztorrean barna. Oihaneko aztien inguruan gordetzen ginen anai-arreba
anitzek hikaren mintzoa geneukan altxor:
zer ari haiz kuttuna?
eskatzen genion, adibidez, lur mokor egarritsuak purruskatzen
zituenari, eta sugearen zara-zara arina lagun ihardesten zigun:
amerria lantzen dinat.
Berunezko zeruak zilatzen zituzten gero, enara unatuek, miruek, beleek,
sai lasaiek. Kukuak aihen zaharrean kantatu arren, ohartzen ginen
zapalkuntzaren erresuman amodiorik ez zegokeela, bakardadea eta desterruaren
erreinua baino. Ordea, eraik genezakeen habiak ez ziren beti gure umeentzat.