Itxaro Borda
Aberria nahi dugu haize hegoaren hegaletan
dudatzen pairatzen ikaratzen edo
fresnesko patioetan paseiatzen
gerontokrata manatzailerik gabe
egunkaria tabakoarekin batera erosten eta
haurrak ikastolara laguntzen
leihorrak edertzen dituzten brumetan
aberria nahi dugu lurraren desiraz hantzen
oheak alargun geldi ez ditezen edo
zizare pikatzen antzera ferratzen
amorezko baratzean azak landatzen
trenetan auhenez lehertzen baina
meetako larderiari ez obeditzen
gailurrak berotzen dituzten brumetan
aberria nahi dugu lanbroaren azpilduretan
miseria ontasun komuna delarik edo
karriketan barrikadak eraikitzen
ostatuetan munduaren oraina margotzen
zigarretak biltzen oldartzen
nahi dugu egunkaria eta tabakorik
merkeena globoa sutan jartzeko
ibaietarik altxatzen diren brumetan.
Bestaldean.Susa, 1991