inprimatu
Alegia laburrak
Izenburua:
Alegia laburrak
Sinadura:
Leon, Leon (Berrizarte)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Leon, Leon

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1969
Argitalpenaren urtea:
Alea:
988.zk.
Orrialdea:
5

Alegia laburrak

 

Leon, Leon (Berrizarte)

 

 URHEZKO ARROLTZEA

 

 Urhezko arroltze bat oiloak eginik,

 Kattalinek hil zuen paloa harturik,

 Bainan tripan etzuen oiloak bertzerik...

 Nigarrez omen dago Kattalin geroztik.

 

 ETSENPLU TZARRA

 

 Otso tzar batek behin ikusi zituen

 Hirur artzain etxolan ardi baten jaten.

 «To, ederra duk? Guri heiek debekatzen,

 Eta berek ixilki ditiztek iresten!»

 

 EGUR ONA

 

 Nunbeit bada egur bat, haizkorak haustean,

 Usain on bat diona emaiten kolpean.

 Oxala hola balitz gizonen artean!

 Gaizkia itzuliko ginuke onean!

 

 ERBIA ETA IGELAK

 

 Ur-hegian goiz batez erbia bazoan

 Igelak sartu ziren urerat saltoan.

 «Eskerrak Jainkoari», erbiak orduan,

 «Enaiz putrun bakarra segurki munduan!»

 

 BI GOLDEAK

 

 Golde bat erdoildua zokoan zagoen:

 Haratxago bertze bat, erdoila ez baitzen.

 «Adixkidea, nola duk hola argitzen?

 - Segur ez naizelakotz lanetik gelditzen!»

 

 MEREZI DENA

 

 Merezi duena du bakotxak munduan!

 Oihanean dagola otsoa gustuan...

 Eta bildots maitea nun dago orduan?

 Hura bego nere gain... erreko dut suan!

 

 BETIKO LELOAK

 

 Mando bat eleketa: «Zer diren astoak!

 Badirela gu bezen! Zer ele zoroak!

 Zaldiak dituk doi-doi gure heinekoak!»

 Horra urguilutsuen betiko leloak!

 

 UR-HEGIAN

 

 Zamar bat alabari oihuka ari zen,

 Oro beha zaudela, kurri zadin zuzen...

 «Etsenplua emazu, ama ona, lehen!»

 Ixtorio hau on da ama eta... aiten!

 

 BARKAMENDUA

 

 «Segur barkatzen daiat» semeari aitak:

 «Barkatzen daiat, bainan pagatuko daitak,

 «Sekulan ahanzteko hainitz egin baitak!»

 - Hi, hoi, ez barkatzea iduritzen zaitak...


inprimatu