Nere bordatxotik
Basarri
Udarregiren omenez
Erriko ate danak
bai bapo zabaldu
gaur orruntz dijoanak
ezin ezer galdu.
Usurbil'go jendeak
adur aparta du
etzerate makalak
arranek ezpadu!
***
Azpeiti'ra didate
bertsotara deitu,
gizon balientia
naute askojitu.
Buelta bat egitia
nuen disponitu,
ai! pentsamentu oiek
artu ezpanitu;
gutxi suponitu,
ezkera unitu,
utsik naiz gelditu,
talentuak aitu...
enfermedade txarrak
bajatu gaitu.
***
Erdel itzak gaņezka
sartzen ziran saltsan,
euskal maixurikaiek
ezpaizuten izan.
Udarregi'ren aurka
ez ezertxo esan,
garai artako "moda"
era orretan zan.
***
Noiznai eztago zertan
sarturik erdera,
euskeraz edukirik
nai dan itz aukera.
Geiegikeri danak
dakarki galera,
erditik jo dezagun
gizonak bagera.
***
Pello desafioka
aspaldi asia,
zertan egingo zaio
menosprezia?
Ori da gazterikan
ondo ikasia,
berak markatu zuen
probintzi guzia;
etzan itxusia,
daukat ikusia,
ondrak merezia,
izan du grazia,
amaika duro eder
irabazia.
***
Ori da izatea
apala ta ona,
zerbaitegatik zuen
ainbesteko sona.
Errez al da billatzen
alako gizona?
ondo merezia du
egiten zaiona.
***
Usurbil txoko laztan
eta maitatua,
Udarregi'ri esker
sarri aitatua.
Juan José, egon zindezke
pozetan urtua,
erein zendun aziak
eman du frutua.
|