Emakumeak bertsolari saila (II)
Borda, Itxaro
Asko maite dut Euskal Herrian deitua dena Bizkaia
Gernikan lerden dagolakoan askapenaren ekaia
Egun pozetan kantatuko dut senditzen dudan alaia
Agurtu nahiz andere LIBE, baztertuz erdar etsaia...
Esaten duzu bertsolaritan emazte, naizela bakar
Andere Libe zurekin orain biga gara, beraz azkar
Euskal Herriko bi ezkinetan jendea ez dadin lokar
Gure solasak agian haize goxoa gizoner dakar.
Agian ere gure bertsoak ez dira sortu debalde
Ezin biziz ta ez hil nahian gaude behari ekalde
Hitz batzuekin finka dezagun lorea, maitasun galde
Emazte gizon zutituko bait gara euskadiren alde
Emakumea, guk emaztea, izenaz deitzen duguna
Askaturikan gizartean da baitezpadako laguna
Klase gabeko mundu berria ez bada solas laguna
Hasiko gara bertso emaiten idurikatuz eguna!
Hego aldera banoan aldi guziez nago pozetan
Toki ederrak badira segur bidearen bazterretan
Pentse berdeak, etxe xuriak, iratze ta belar metan
Baina zorigaitz ezin iragan herrittoen bihotzetan...
Egun batean usos naizu BASAURRI-n bertso kantatzen
Horgo ditudan adiskideer esku diotet luzatzen
Amikuzetik euskal herrira maitasuna dut hedatzen
Eta badakit oraindik ere ari dala emendatzen.
Euskal Herria jadanik dugu heriotik salbatua
Eguneroko harremanetan dugulako hautatua
Ipar aldean eta hegoan euskal hitzkuntza batua;
Andere Libe, anartean naiz nerean solastua...
Arrotz ustelak tratu faltsoez gaitu betiko uzkurtu
Gure sinesmen zaharrak ere bere aldera makurtu
Baina gaur egun euskal herriko min gaixtoak diten urtu
Beharko dugu mozten gaituen muga nolazpeit apurtu!
Azken bertsoan, andere Libe bihotz barnetikan agur
Emakumetan bertsolaria bakarra ez nago, segur
Laguntzat zaitut ezezaguna baina ez bait noa zuhur
Nik ere dio, "eskubideak emakumeari bihur..."