Donoztiriko xahar grinatuari...
Borda, Itxaro
1
Delakoan pentsamen sanoen eskola
«Herria »-k agertu du, harturik axola,
Pierres Bidegaray-ek idatzirik hola,
Zahar-gazten arteko gaurko parabola!
2
Parabolaz ari zen Jesus lehenago
Etsiturik laiteke egun hor balago,
Ikusiz nola diren gero ta gehiago
Hura bezala mintzo giza seme frango...
3
Laguna, bertso hauek zuretako dira
Zu bederen ideiaz gaztea baitzira;
Zoritxarrez, ordea, eguzki distira
Histu duzu erranez: «zahartuak gira!»
4
Zure denbora segur, denbora ederra
Gozoa zen orduan euskaldun bazterra...
Ideietan munduak egin du lasterra,
Eta «Bal»-ek ekarri biziaren herra!
5
«Bal»-etan ez zira ez sekulan usatu
Nolaz ditutzu beraz hein aise aipatu?
Diozu dela kasik joaitea bekatu
Hobeko litazkela arras debekatu...
6
«Gauaz ez dela onik, baita debruena!»
Hauxet da solasetan zure hoberena,
Halere ez Jainkoak erraiten duena
Baizik zure iritzi egizkoa dena...
7
Neskatxek dituztela espainak gorriak
Mutilek biloetan sortuak zorriak...
Moda berriak nondik dira etorriak?
Oraiko arrosetan, beti elorriak...
8
Garbi ta bertutedun lehengo gazteak
Ari ziren lanean egunak, asteak;
Ez du baliorikan horren ahanzteak:
Bitxiki bazabiltzan gizon-emazteak...
9
Moldaturik zinuen kantore arina
Parabolaren gisan agerturik mina;
Oihala ez da aurkiz bakarrik egina,
Egun gazte bazina, zintake berdina!
10
Orain uzten dut luma, beharrez bukatu
Ez nuke auzi alfer heu nahi luzatu;
Irakurleek berek bezate trenkatu,
Nik ez dut nahi nere adina ukatu...