Bostgarren egunaren argi zirrintan, Sample'ri
Borda, Itxaro
Biek gora
altxatu arren gure basoak
zuretik edan dut,
atseginik gabe.
Alta nere ezpainak
zure basoaren eskainera
noizbait
hurbildu dituzket eta
maitatu zaitut.
Nere izatea
zure besoen beltzean
galtzera utzi nuen.
Gure bost egunetako zorionari
pentsatzean
nere begi biek sortu malkoak
haizeak hormatzen ditu...
Eguzkia jeiki aurreko
argi zirrinta ahulak
beldurgarriak dira,
eta
karrikan etxeen artean
dabilan iparbeltz meheak
aurpegia mozten dit...
Altza zure besoa
azken hurruparaino
husten ahalko nuen.
Emazteak, krudelak garela
adiorik erran gabe partitzeko
ohean bakar abandonaturik
bere gorputz guziaz ikaran
besarkatzen eta tinkatzen
gaituen gizona!
Ni ere biziak uzkurtu nau
eta bostgarren egunaren argi
zirrintan
ihes ihes joan naiz...
Ez dut nehoiz
horrenbeste sufriarazi.
Eta bostgarren egunaren argi
zirrintan
nire burua madarikatzen dut!