Bizkaia maitea...
Borda, Itxaro
Bizkaia maite maitea zira Euskadi hontan lehena
Gure indarra gure kemena biliotzeu itxaropena
Noizbait agian etorriko da ama lurraren orena
Zurekin zaiku loreztatuko herria utzirik pena...
Munduan zehar non ote dago Bizkaiaren iduria
Lurra xortaka zeruko harek zuken maitez ixuria
Esan beharrez zoko gozoa errotik zela guria
Zutiturikan mintzatu zeien Bizkaiko Jaun Xuria
Gernikan lerden lerdena dago euskal herriko arbola
Biltzar etxean guk hautatuak bilduko dirade hola
Haritza zutik egon dadila askapenaren eskola
Iparragirren maitasun kanta aho guzitan dagola...
Arratiako mendietan bai harri gogorrak badira
Eurri ondoan ekiarekin egiten dute dirdira
Harpe zilotik gorde gorderik Bizkaia dago begira
Lantegi handi eta baserri denak harenak balira!
Bizkaia maite maitea zuri sartua zaitzu beldurra
Etsiturikan ez duzu nahi herts dezazuten zintzurra
Udaberrian erortzen bada zerutik azken elurra
Nor izaren da hemen zaintzeko gure arbasoen lurra!
Kantari eder dantzari bipil trikitrixari bakarrak
Erromeria pozez jartzen du panderoaren indarrak
Ez ditutzue alianzten ere hor bertsolari zaharrak
Nola Enbeita tar Kepa hura Euskal Herriko pindarrak...
Muxikako zen Urrexindorrak zoin bai anaiak gara
Hastiro zuen "viva Espaņa" erabiltzea erdara;
Keparen haurrek ta arrahaurrek emaiten dute Euskara
Gora esanez "gure bizian mintzaira bakarra zara!"
Bertsolariak kezkati daude alorra hain da berezi
Zeren onduta bildu behar da eroria den gerezi;
Andere Libe Basaurrikoak aipamen bat du merezi
Bere alaba gaztea ere bertsolari baitu hezi...
Bizkaia maite maitea zure ondoan banabil mutu
Maitasun abar baten loreak goizean dira burutu
Bizkaiarekin kurutzatzea etzarait nehoiz damutu
Geroan gero ta gehiago nahi zaitut ezagutu...
Barkatu otoi bihotzekoak badaut bertsoa makurtu
Bizkaian dauden nere lagunak nahi nituzke agurtu;
Nahiz arrotzak trufaz deraukun askatasuna lapurtu
Beharko dugu alkartu eta kate debru hau apurtu...