Aita ASaindua Eusakdin
Borda, Itxaro
Orain datozen bertso berriek
gaia dute apaindua
hemerezortzi zangorekin ez
da kurutza hebaindua;
betidanikan Euskal Herrian
baita fedea zaindua
merezi dugu Erromatikan
jin dadin Aita saindua!
Karol Wojtila izena duen
Polonar gizon zakarrak
sustatzen ditu gerla hotzeko
sugar latz eta zaharrak,
kapitaldunek ideia onak
dituztelakoz bakarrak
Mozkuren aurka derabilate
elorritzeko laharrak...
Varsovin ere tanke pizuek
argitu baitzuten goiza
kartzela dago Lech Walezaren
udazkeneko egoitza,
Erromatikan Aita Sainduak
erraten du gero hitza
Poloniarrei salba ditezen
egin dezaten otoitza!
Aste betean ibili zaigu
ehun kardinalekilan
Espainiako erreinuetan
eta bazuen aski lan:
Madril erdian Jaunkarlosekin,
segidan airez Avilan
milaka bildu jenden artean
mitra buruan zabilan...
Euskadi honek hain fededunak
bisita zuen merezi
Loiolan sortu Maki haren
orroimena zagon gezi,
Aitoren seme hauek guziek,
urgulua ezin hezi
bakea egin behar zutela
entzutera joan ihesi!
Denek dakite Espaini zolan
datzala demokrazia
eta «arrosek» indar berria
dutela irabazia
aita Sainduak eman diete
sustenguaren grazia
errez delako ezeztatzea
ahar bizien hazia!
Erroman dagon Aita Saindua
beti indartsuen alde
menperatuak dauden jendeen
otoitzak beti debalde;
kapitalisten botereari
apal egiten du galde
ez diezaion komunismarek
zikindu bere artalde!
Azken bertsoan aitor dezadan
ez naizela horren lotsa
denen argira errateko zein
aldetan dutan bihotza:
Aita Saindua ibiltzen dela
bakea, gerla non goza
kurutzarekin hautsi nahian
burnizko igitai hotza...