inprimatu
Ahantzi garela...
Izenburua:
Ahantzi garela...
Sinadura:
Borda, Itxaro
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1980
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1578.zk.
Orrialdea:
5

Ahantzi garela...

 

Borda, Itxaro

 

 1

 

 Bai maitea, zahartu garela

 ahantzi garela

 bakartasunak zimurrak dakarzkigu...

 Lau urte gehituz; bost egun gutituz

 hau da denbora luzea

 egunetik egunera eramaten dugun

 eternitatearen kurutzea...

 

 2

 

 Bai maitea, bihotzean min dut

 atzo zin egin dut

 bakartasunak nau zugandik urrundu...

 Lau urte jadanik; bost baso edanik

 hau da arno alegera

 egunetik egunera bururaino doan

 arno gorri gozo eta minbera...

 

 3

 

 Bai maitea, entzunik algara

 joan behar gara

 binazka eternitatea hausteko...

 Lau urte Saharan, bost gau Himalayan

 hau da mundu gurea

 egunetik egunera lauetik bostera

 ikus dezakegun nere ta zurea...


inprimatu