Ogia
Bilbao, Jose R.
1
Lan nekagarri baten ondoren
eskuratzen da garia
uruna gero legamiagaz
labean jarri lodia.
Barrutik dauka mamin gozoa
kanpotik azal horia;
baina gaurregun hori ote da
eguneroko ogia.
2
Gure arimak ez du ahorik
baina ederra gosea
eta nabarmen ikus daiteke
ez dagoela asea.
Hau ulertzeko ez da izan behar
irudimenez luzea:
ez al duzue zeuok asmatzen
bihotzaren oinazea?
3
Hori dela-ta hartua dugu
txakur gosetien antza
ogia bila ari garela
harantza eta honantza.
Baina noizbaiten berdinduko da
justiziaren balantza:
ba gara eta, ez dugu galdu
aldaketa-esperantza.
4
Gaur ardo hutsez konformatuko
dira batzu beharbada
a(ha)ztuta zein den askatasunak
atean duen aldaba.
Gure Herrian geldik egonga
negarra ezin akaba:
bakeak beti izan behar du
justiziaren alaba.
5
Maitatzen diren ideiak ezin
dira bazterrean utzi
nahiz le(h)iatzeko eskutan izan
momentuan tresna gutxi.
Oraintsu, preso dauden anaiek
digute hau erakutsi:
arima-ogi hori lortzeko
gorputz-goseari eutsi.
6
Norbaiten alde jartzen bazara
besteren bat duzu kontra
zail izaten da denen aurrean
garbi eukitzea ondra.
Ogi-kontutan ari gara ta
nire eritzia horra:
hemen okinak faltatzen dira
ta pasteleroak sobra.