Zoaz, Mikel, zorion billa
Batiz, Bixente (Xalokin)
Erbesterritik etorria naiz
Aurtxo bat ezagutzera...
Nolakoa dan jakin nairikan
Urbildu naiz bere etxera...
«Polita baldin ba-da, bertsoak
Noakio egitera;
Baiñan itxusi arkitzen ba det,
Itzuliko naiz atzera»...
Jo det atea... Bere besotan
Amak dakarkit aurtxoa...
Nik ametsetan susmatu baiño
Askozaz ederragoa;
Arpegi alai, begi urdiñak,
Eta irripar gozoa...
Iruditu zait zerutik iges
Jetxi dan aingerutxoa.
Ume politik iñun badago
Guretzat zu politena;
Zeruetako Goi-Aingeruak
Eman zun bere baimena,
Ta bataioan jarri zizuen
Eleizan MIKEL izena,
Orregatikan senideentzat
Zu zera goren zaudena.
Zorionaren billa gabiltza
Guztiok emen lurrean;
Baiñan askori zeregin orrek
ikutzen ez biotzean...
Ortik ain gutxi sartzen diranak
Goiko Aitaren Etxean,
Geientsuenak or dabilzkigu
Galdu daitezken bidean.
Zeru ederra irabazteko,
Zintzoki jokatu bear,
Atsekabe ta estualdiak
Igaroz bizitza-zear...
Pozakin naaste bait datorkigu
Askotan samin ta negar...
Otoi dezagun apal eskatuz
Jaunari kemen ta indar...
Zoaz, ba, MIKEL, zorion billa
Izanez aingerutxoa;
Iñoiz zugana ez bedi eldu
Luzbel aingeru gaiztoa...
Eduki zazu beti zaindari
Mikel Aingeru Goikoa,
Gero berakin izan dezazun
Poza ere betikoa.