Ostiral gurenez
Xalokin
I
Koskotegi mendian iru gurutz zutik,
Bi gaizkinen erdian Iainkoa zinzilik.
Emakume gaixoak azpian negarrez...!
Gizoztea zelaian biraoka deadarrez...!
"Iainko Seme aizala, ta gurutz ortan aiz?
Ietxi adi ortikan, baldin Iaungoiko ba'iz,
Eta gu bi lapurrok irekin batean
Gaizka gaizak oraintxe gizozte aurrean..."
Besteak gaizka dituk, ta eu gaizka ezin...
Israelgo Errege, Iainko dek irekin...?
Ietxi, ziņiz dezagun Israel-semeak..."
Isekaz ari ziren azpiko taldeek.
II
Ixil ziren beingoan erantzunaren zai,
Eta Iainko Semeak itz-egin zuen, bai:
"Ene Aitatxo maite, barka zayezute,
Ari diren gaitzaren iakinik ez dute"...
Eskubiko lapurrak desayo damuki:
"Iauna, zure erreņuan, nizaz zaite erruki".
"Egitan -darantzuyo-, egitan gaur egun
Nerekin izanen aut donokian lagun".
Gurutz gainetik dakus Amatxo maitea,
Eta diotsa: "Andrea, or duzu semea".
Gero ikasleari: "Zuk ama or duzu".
T'andik Ama zaitugu. Zuk seme gaituzu.
Eguzkia igesi da laņo beltz azpira.
Semea kezkaz dago zerura begira:
"Zergatik, enelainko, utzi nauk bakarrik...?
Nolatan-dio-min ok Zu gabe eraman nik...?"
Kopet, muxua zear odola dario,
Egaka dabilkio alboan erio.
"Egarri naiz" esan du, -gizonen egarri,
Guziek donokian nai baititu iarri.
Orain Zeruan Aitak atea zabal-du,
Ordun Iesusek dio: "Nereak egin du".
Ta neke, min artean pozik du biotza,
Naiz ta aurrean ikusi erio zorrotza.
"Aita...! Zure eskuetan damaizut gogoa"
Esanez, el zitzaion bertan erioa...
Lurra dar-dar-ka asi zan; goian argirik ez...
Eguzki, illargi, izarrak izurik, negarrez...!
III
Koskotegi mendian iru gurutz zutik,
Lengoak dira, baņo oin irurak utsik.
T'antxe bide txokoan, Ieremi'n ikustez,
Ama dago, bakarrik... erdi ilda... samiņez...!