Emen urrutik ontan
Batiz, Nikolax (Xalokin)
Emen urruti ontan
Zail zait jakitea
Nola bizi dan gure
Aberri maitea.
Ez dakit zutik dagon
Baserri etxea,
Edo bere ormakin
jo ba du lur-bea.
Sasiz beterik zegon
Ni or nintzanean;
Suge ta pizti txarrak
Zebiltzan barnean.
Len bei ta txalena zan
Korta zabalean,
Abere basatiak
Zeuden aterpean.
Orrela zenbat etxe
Tankera larrian
Orain arkitzen diran,
Or Euskal Errian,
jakitea nai nuke
Emen atzerrian,
Naizta olan min artu
Nere biotzian.
Ainbat soro ta lur-sail
Len ondo landuak,
Zergatik daude orain
Guztiz zapalduak?
Biztuko ba'lirake
Gure aurrekuak,
Miñez ilgo lirake
Berriz gizajuak...
«Nun dira gure lanak,
Gure alegiñak...?»
Galdetuko lukete.
«Nun gure lei ziñak...?
Denak irentsi ditu
Aurrera jo-miñak,
Bat-batean ondatuz
Guk nekez egiñak...!»
Mundua gosez dago,
Ta janaririk ez...
Umeak eta zaarrak
Oiuka, negarrez:
«Ogi pixkat nai dugu...
Eman, ba, mesedez!
Errukitu guzaz... il
Ez gaitezan gosez...!»
Baserritako lurrak
Uzta eman nairik,
Baiñan baserrirako
Ez da langillerik;
Ta guk ez ba'damagu
Geron izardirik,
Lurrak ez du emango
Guretzat ogirik.
«Kopetako izardiz
Zeuk irabazia,
Izanen duzu lurrak
Damaizun ogia... »
Ori da Jainkoaren
Agindu bizia,
Bainan gaur mundutarrok
Daukagu aantzia.
Ta betetzen ez ba'da
Jaunak agindua,
Laster dugu mundu au
Goseak aitua;
Naiz eta bestelakoz
Egon ornitua,
Lurrak eman bear du
Bizitzarakua.
Esnatu gaitezen, ba,
Euzkotar maiteak...
Jo berriro mendira...
Jaso an etxeak...
Lurrak aziko ditu
Indartsu semeak,
Baserrian ez bait-du
Lekurik goseak.
Oldozkunok datozkit
Gaur buru barnera;
Beokin noazute
Orra lur maitera
Bertso kaxkar auekin
Zuei laguntzera,
Nik al dutan neurrian
Aldezten EUSKERA.
|