Arrats izugarria!
Baroja, Serafin
Gorriak daude goiak urrutiraño,
Ageri dan guzia gorria dago,
ta lurrak baño
izutzen du zeruak azkoz geiago.
Argitan zabaltzen da zeru goibela
illargi gabe,
¡zer doakabe!
odoiak su garretan balitz bezela,
ta infernuak balira gabaren jabe.
¡Arrats izugarria! ¡Ordu tristeak!
¿Nora begtak jaso, ponen kupiran
malkoz beteak,
zeruak ere bada etsai baziran?
¡Uri leial gaisoa garretan dana!
ta zeru gorrak,
agitz gogorrak,
irabiatzen ditu berriz gu gana
elementen boaldan suzko kanborrak.
Itsasotik sortuko lanbro dokaitzak,
burrunbadan igoak turmoi tartean,
ziran ekaitzak,
eta zartatu orduko, chimist kolpean,
odoi gañeko labe sutu artatik
jasa ta ujola,
eurizko errola,
amiltzen zan lurrera, iduriturik
isurtzen ote ziran sua ta odola.
¡Sua ta odol gorria! Naga ta ikara,
sutunpadak, ansiak, ilkintza nun nai.
chimist dardara,
biziak ta bizitzak, garren errakai
ta isil-isil zijuan odol erreka,
karrikan bera
itsas aldera,
iturria geiturik illak taldeka
ez bazetorren sua eragoztera.
Zeru lurrak aserre... Ustez ansiak
atserritik ziranak gugana etorri
ziran etsaiak.
¿Nora bada begiak jaso ta egorri?
Ez lur, ez eche, ez esku, biotz tristea
noraganatu?
nun anparatu?
¡Burniz edo berunez laster iltzea,
noralderik onena zan aukeratu!
Gizon ordi taldeak askai likitsan
echerik eche dabiltz leian iñoren
diru irritsan,
onraren zale, burniz pasatu ondoren
arpegi eman duen aita, semea
edo gizona
iltzen dagona,
sentiturik batean agoni epea
ta ansi triste larri bat deitzendiona.
Zarrak, naiz egon zarrez obiko atean,
ez ziran barkatuak, ain guchi eriak,
beren oyean
illak ziraden; ume jaio berriak,
gorde nairik, gaisoak, amen kolkoan,
bien biotzak
burni zorrotzak
urratzen ditu, ta amak iltzerakoan
igaro bear ditu laidozko lotzak.
¡Lotsa ta ilkintza...! Baña nora naiz eldu?
Ez, erritar maiteak, ez det nai zuen
beta goibeldu.
Gure asaben gaba gurtu nai nuen,
jarriaz begi aurrean aien kondaira,
birtute aienak
danik onenak,
zer diran bizia utsi ta argi joaira
beti ikusi zazkigun beren izenak.
¡Asaba zar gureak joanak mundutik,
Numanzitar errutsu aien modura
bizia emanik,
igo ziñaten zuzen zeru altura!
Jaunak bere saria dizute ematen
ordu ezkero;
bai, errauts bero,
martireak bezela igo ziñaten
sugar Donostikotik pasa ta gero!