bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


 
leire bilbao

 

Zebrabidean

Alperrikako gauzekin ez da jolasten,
alperrikako gauzak ez dira beroak
hildako haurrari  emandako bularra bezala
hala ere lorategiak hesitzen ditugu
ezin da belarra zapaldu
eta amak negar egiten du
Zebrabidean zain egon beharraz haserretzen gara
hotz egiten du kalean
hotzagoak ama esnez  bustitako horma zuriak
zebrabidea gurutzatu dugu
tupust egin dugun ezezagun horrek
ez dakigu zer galdu duen gaur
berdin zaigu
berandu goazela ez bada.
Lanegun txarra izan  dugulako negargurari
sinpleki eutsi nahi genioke, baina malkoak
ama hari bularretatik  bezala nahigabe jausi dira,
alperrik, alkandora bustiz.


Agurearen ilargia

Antzinatasunez betetzen goaz une oro
pasa berri den instante honetan betetzenago,
arima margolariak kontratatzen ditugun bitartean
gure irudi perfektua saltzeko.
Beharrezkoa ez dena ahaztu nahi genuke
leihora ateratzen denean,
ilargiaren buru hezurrari
milaka aldiz diosala egin dion agureak bezala.
Beharrezkoa baino ez dena oroitu gura genuke
baina zahartzen doa unea.

Kontraleihoak ixteaz batera,
agurearen begietako ilargi  borobil beteetan 
bi buru hezur margotu dira.


Letrak

Hainbatetan aldatu zaizkit letrak
arrotz naizela neure kaligrafian
bere ehundaka atzaparrak erortzen zaizkion zuhaitza bezala
mudatzen naiz hostoz
erortzen zaizkit udazkeneko iritziak
zalantzekin loratzeko.
Hainbatetan aldatu ditut letrak
ez dudala konprenitzen nola
batzuen a beti den arranditsuegia,
z zorrotzegia,
o borobilegia.
Ez dudala ulertzen nola  ez diren aldatzen
nola ez duten aldatu nahi.



 leire bilbao

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04