Bizitzeko inbentarioa
Hizkuntza
bat hiltzen den bakoitzean
munduak begi bat galtzen du,
gutunetako letrak doluminez jaunzten dira,
heriotzak mihia bahitzen digu.
Ez dut bizi nahi
gure kaxa non paratuko duten pentsatuz,
museoetako bitrina gardenek
begibakarreko nahiago gaituzten beldurrez.
Lurrari birika bat erauzten diote
anestesiarik gabe,
herri bat desagertzen den aldiro
beste birika odoletan utzirik.
Bizitza bizitzeko inbentarioa
arnasa, begiak, birikak, mihia.
Passeig de Gràcia
Eguerdian
poema bat ikusi dut
Bartzelona erdian, jendartean.
Ilaran zeuden, bata bestearen atzetik.
Bakoitzak bere fardela zeraman, halabeharrez
zamatu beharreko gorputzak baliran.
Usain guztietako koloreak biltzen ziren
bildu eta zabaldu, bildu eta zabaldu.
Auskalo nongo giza larru merkeak.
Inork ez dio erreparatu poemari.
Hiri erraldoietan inork ez dik kasu zipitzik egingo
gaztigatu zidan anaiak;
bestela, nahi baduk
lurrean etzan eta hildakoarena egin.
Poema idatzi dut, baina
egiatan koadroa zen.
Mugimenduan ateratako argazkia.
Fardel bakoitzak, zapi beltz bakoitzak
pertsona bat zeraman zintzilik.
Ilaran zeuden, zabaldu eta bildu
zabaldu eta bildu.
Deblauki dena papurtu da.
polizia, odoletan natza lurrean.
edu zelaieta