bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


galder perez

 

Katua bitartean

Arriskua datorrenean
katuak
badaki alde egiten.
Gose denean
katuak
badaki janaria lortzen.

Katuak zuhur begiratzen du,
belar eta zuhaitzak altuak direlako,
eta biok batera,
 zuhaitz eta belarrak,
gauero dantzan egiten dutelako.

Katua, bitartean, dantzaldiari so.

Baina Bilbo mendiek inguratzen dute.

Zuhaitz arteko lainoa edo belarraren kea ote
mendiak ikusten uzten ez dutenak.

Eta bitartean, katu beltza seigarren solairuko leihoan.

Eraikinak, pinuak bailiran,
zerura igo nahi dute.
Bideko zuhaitzek, eraikinak bailiran,
zerura igo nahi dute.

Katu beltza, bitartean, bere altueratik lurrari so.

Eta ez dira ez lainoa ezta kea ere
eraikinei mendiaren gainetik
eta zuhaitzei eraikinen gainetik
hegaz egiten uzten ez dietenak.
Katu beltzak ondo daki
ez duela salto egitearen beharrik,
jana seigarren solairuan baitauka.


Vanilla

Itsasoaren musika
zure eskuen artean,
Vanilla zaporea.

Olatu indartsuak
harri zuria dakar,
ukitu leunak.

Olatu indargearekin bat
harri zuria doa,
laztan irristakorrak.

Eguzkia  badoa ere.
Bihar ustekabean
berriz etorriko da
iparreko itsasotik.

Vanilla zaporea,
zure eskuen artean.

Olatu indartsuak
harri beltza dakar orain,
ukitu borobilak.

Eta ni ere
banoa
eguzkiarekin batera
bihar etorriko ote zaren galdezka
Vanilla.


Buruhaustea
Buruhausterik ez izatea
zoriontsua  izatea al da?

Zein da burua haustearen arriskua?

Ispilu aurrean,
burua hautsi ez duzula baieztatzen duzunean
zoriontsua zara.

Zure begirada zu begira dagoela
zu zure begirada begira zaudela,
buru haustear zegoen momentu hura gogoratzen duzue.

Oroitzapen borreroa ahaztu ezina da,
betierekoa, beti eroa,
burua hausteko prest.


galder perez

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04