Ez
dakit normala den
Ez
dakit gauza normala den
ez dakit zabarkeriagatik izan den
edo besterik gabe
gertaeren indarrez
baina gaur
nire haurtzaroa galdu dut
ez dakit noiz
ez dakit nola
baina bat batean
gaur goizean
haurtzarorik gabe jaiki naiz
oinak non nituen
galdetu diot neure buruari
eta burua non dudan,
burua eta oinak
bat egin zaizkit gogoan
baina gero begiratu eta
bakoitza bere lekuan zen
oinak behean
eta burua goiko aldean
ez dakit
horretarako adina
heldua zaidalako izango zen
edo inoiz
zerbait oker landatu dudan
pentsamenduaren ortuan
baina kontua da
gaur neure haurtzaroa galdu dudala
gabe nagoela
beste nonbait dela
edo besterik gabe
aienatu egin zait
ametsen zakarren artean,
kontua da
atzo aldean
moldakaitzago naizela
eta lanetik irten
eta egitekoak
burutu ondoren
ez zaidala denbora larregi geratzen
haurtzaro galdu baten bila hasteko
zer daki munduaren neurriaz elastiko batek
zer daki geografiaz kartazal batek
zer daki nabigazioaz guardasol okertu batek
ateak irekitzen dira bata bestearen atzetik
egun bat dator aurrekoaren ondoren
eta ohe hutsek soroak eratzen dituzte
jendearen begietan
zenbat ohe huts behar ditu neguak
zer daki etorkizunari buruz laranja erdibitu batek
maleta bat betetzeko lain ba al daki itxaropenak
praka lisatzen asmatuko al luke,
denok entzun nahi dugu
maite dugunak
argi guztiak itzali dituela eta
zain daukagula aterpe gozo batean,
baina poza ez galtzeko
zenbat helbide gorde behar dira gogoan
zenbat urte eman behar dira itxaroten
zer daki maitasunaz itzalitako zigarro batek
zer daki kristal lurrundu batek literaturaz,
ez dakigu nola idatzi geroari
zaila da nori berea ematen
baina haizea sortzen den lekura begira jarri
galderak egin elkarri
eta eskua luzatzen dugu:
badakigu berandu gabiltzana
eta agian ez dela beranduegi izango oraindik,
agian oraindik hor izango dela ilunean tarteka gureari lotzen zaion
eskua
eta horri lotzen gatzaizkio
munduan beste eskurik ez delako segurantziarekin:
ez beste herri batean, ez beste sasoi batean
zenbat ohe zenbat elastiko zenbat kartazal
zenbat negu zenbat hotz zenbat gau
etxe arrotzetara arribatzen
Batzuetan nahi duzun tokian zaude
eta bestetan ez.
Batzuetan nahiko ez zenukeen tokian egoten zara
ezinezkoa izaten da nahi duzun lekura joatea
nahi duzunean tokiz aldatu eta bizi izan duzun hori guztia
batetik bestera zeurekin eramatea.
Batzuetan libre mugi zaitezke
bestetan ez.
Batzuetan ezin zaitezke mugi
edo ez duzu nahi.
Batzuetan zeuk nahi ez duzun toki batekoa zara
beste batzuetan zaren tokikoa nahiko zenuke izan baina ez da erraza.
Batzuetan beste baten larruan bizi nahiko zenuke, beste etxe batean,
beste kale batean
eta bestetan zeuk nahi duzun kalekoa zara…
zauden zaudenaren neurrira egina doi-doi.
Batzuetan zauden tokikoa zara
eta askotan ez dakizu nongoa zaren
edo ez dizute uzten.
Batzuetan nahi duzuna zara
bestetan beste bat zara,
inoren baitatik kendu, atera, erauzi, eta beste nonbait indarka
txertatua.
Batzuetan beste norbait izan nahiko zenuke
eta nahi ez duzula ere ia beti zu zeu baino ez zara izaten.
jose luis otamendi