bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


jose luis otamendi

 

Beheko haizea

Beheko haizeak uxatu ditu bero sargoriak bailaran
leihoak zabalik ditu jendeak
eta astiro dator arratsaldea errepidean gora
supermerkatura bidean
oker begiratu dit kalean andre batek
eta poltsa horian berakatza sagardoa eta pate zati bat
kulunkatu ditut etxeraino
-bokartak hilda daude hozkailuan-
beti nahi nuke jateko poltsa hori batekin ibili
hori izan bedi nire kondena
bihotzeko no mans land-ean
guztiaren lekuko izateko grina eta
beranduegi ote zabiltzan beldurra elkar joka
eta ito egiten nau ez goseak edo
aterperik ezak jendea itotzen duen eran
batzutan arnasa hondarrez betetzeko beste baizik
- ez dago dena zertan idatzi-

hatza luzatuta haur bat kosta aldera doazen ibilgailuak
zenbatzen ari da bankari baten arretaz
tresna indartsua da zenbaketa
zuhaitzak pertsonak hegazkinak konta daitezke
saminaren eta pozaren konpasari antzeman
gauzak ulertzea eta gauzekin bat egitea
gauzengandik urruntzea bereiztu
-behin beti gogoan izango zaitudala
agindu nizula uste dut-
andre batek oker begiratu dit eta
negu arrapiztu batek esetsi nau sukaldera

sagardoa freskatzen jarri dut
-jaiotzatiko hiltzailearen marka daramat soinean-
eta ezin dut arrain usain hau kendu eskuetatik




beste eguzki bat

ez du zabaldu gaurko nahi genuen eguna
beste eguzki bat zutitu da haren partez
eta bart arratsean afaltzen jan genuen arrainak
hezur luze bi zituen neurriz goiti
gure eztarrirako bidean
ahal banu beste leku batean egon nahi nuke orain
pinudi ospel baten mugan
kamioiek eskoria tontorrak
nola deskargatzen dituzten begira
beste herri batekoa nahi nuke izan
beste jende batekin lan egin
eta bihotzeko zuloan daukadan
liburuko sanskrito modu hori tarteka ulertu
batzuetan maite dudan jendea
areago maite behar dudan jendearen
ordezkoa baino ez dela jabetzen naiz
eta ni neu
mezuak igortzen dizkidan
beste baten ordez nagoela hemen

ibiltzeari utzi zion harria naiz
idazteari utzi zion idazlea
eta goroldioa lotu zait kirioetan



nik maite dudan eskua

nik maite dudan eskua ez da nirea
nik maite dudan herria salduta dugu
nik maite dudan emaztea joan egingo da

pertsona izan nahi duen harria nahi nuke izan
eta negu minean iratzarritako apoa naiz
inork maite nauenean
iruditzen zait azken aldia behar duela beti
-beti bat bera eta azkena-
betiko izango dela azal-mintzeko lorratza
besterentzako bide berria imalaia txiker batean
ez dakit nondik ez dakit nori
baina idatziko dut bizi naizen artean
eta idazten ez duenean ere bizi da jendea
eta idazten ez duen jendea ere bizi da
eta maite dudan eskua
maite dudan herria
maite dudan emaztea ez dira nireak
eta ni ez naiz ni
ahotsak entzuten ditut besteren garunetan



Gosaria

jendeak ontzi bat bezala betetzen denean
edo oihanpe itsu bat legez zarratzen bada
egiten du kera
eta maiz horrela uzten dio bizitzeari
bestela bota egiten dute
edo ezabatu eta ahantzi

bart semea hurbildu zait loak hartu ezinik
gau beranduan
hil ondoren zer gertatuko zaion kezkarekin:
hosto jausien dantzak
eta semearen azal hauskorrak
estali didate munduaren ikusmira,
musu eman eta ohera doa

auzoen erlojupeko orduen segida
ezin dela nekarazi pentsatu
eta umearen ezpain bustietan
etorkizuneko kanpalekuak eta ibaien ibilgua bistatu zaizkit
argia amatatzeaz bat,
goizean semeari paratu behar nion
gosariarekin aurre-gozatu naiz etzan orduko
eta loari gutun labur bat idatzi diot
aire beltzean

oker nenbilela uste dut
uste dut geu beste inor ez dela geure geroa

Jose Luis Otamendi

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04