Hankak
Nire
hankak ez dira luzeak, ez naiz altua
eta normalean, gerrialdean, mina izaten dut
nire hankak behar bezain luzeak ez direlako,
uste dut nik.
Malgutasunik gabekoa naiz,
bigunegia dauzkadan urteak kontuan harturik.
Ditudan begiak inoiz ikusitako arruntenak dira,
marroiak, betile eskaseko betazalek
estaltzen dituztenak, begiratu hurbilekoak.
Esku lodiak ditut,
piano zabalegi horretan
soinu dezenterik ateratzeko gauza izango ez direnak,
eta trebeziarik gabekoak, dorpeak.
Nire ilea finegia da, ezin da modako orrazkeran menderatu;
ez du nahi eta nahiko motz eraman behar dut.
Beti ibiltzen naiz noraezean,
zer egiten dudan azaldu ezinik, baina egia esan,
pozik, nahi dudana egiten baitut beti.
Baina benetan kezkatzen nauena nire hanken tamaina da,
askotan kontrolpean ez edukitzeagatik jausten naiz
eta amak besoetan hartu eta kolunpioetara eraman arte
ez zait belaunetako min hori kentzen.
Hankak moztu behar ditut.
mila urte igaro eta ura bere bidean. mila urte pasa dira eta ura lehortu
da. mila urte igaroko dira eta hitzak ur bihurtuko dira. mila urte
igaroko dira ur-lats sikuaren arrastoan. mila urte igaro dira ura
berriz agertu arte. mila urte igaro dira eta ez zaude gure bidean.
mila urte eta zu, denbora bera.
andolin eguzkitzak idazti zuen bere liburu batean atsotitz borobila,
gauzak zer tematsuak ziren okertzen eta zauritzen adierazteko, zein
zail gertatzen zaigun bizitza bera, bizitzea bera, zer antidoto hutsal
dugun desesperazioaren kontra, zein mendre heriotzaren kontra. desamodioak
patente asko ditu, makinaria ezin hobea, bisturirik distiratsuenak,
betiko tatuai ankerrak.
baliteke ura izatea detergente bakarra etsipenaren aurka egiteko,
baliteke ura izatea hizkuntza bakarra. andolin ura bezalakoa zen.
andolin, ura.
Eguraldi petrala
Ipar haizeak mendebaldeko ukitua hartuko du
eta nire bularraren kontra lehertuko da.
Barrualdean izotza izango da nagusi betazaletan,
kontuz ibili errepideetan eta gogoratu kateak
izoztuta dauzkadala nire eztarrian.
Arratsalde parterako aldaketa nabaria izango da
eta dilatazioa agerikoa zure birikietan.
Eztulak hego haizea harrotuko du Gaztelako sikatean.
Meteosat-en sekuentziak agertu bezala,
antizikloiaren isobara guztiak jaurtikiak izan dira nire jugularrerantz.
Euria egiteko arrisku nabarmena izango da tinpanoetan,
-24 gradu arteria guztietan.
Ilargia beluago agertuko da leihoetan, sindromeak jota, etsita.
Zure kardiopatiak ez du zerikusirik artizarra goiztiarrarekin.
Bihar ekaitza dakar. Nire bizitzan bezala.
Ekaitz honek dena ilunduko du hemorragian eta
nire begiek ez dituzte zureak ikusiko.
Maria gora arrastiriko zazpietan izango da,
ez gara ordu horretan berriz geratuko.
Kostaldean itsaskirria izango da, kaio guztiak itota
agertuko dira bihar zure izaretan.
Bi metroko malkoak altxaraziko dizkit zure heriotzak.
juanra
madariaga