Herri
hau
Jaioberriaren lehen astetan
Oldartu egin zaizkigu
Osaba Peiok dio hobe dela
Bi ordurik behin edoskitzea
Aitona Juanek bero faltan dagoela
Ez karrikaratzeko
Ez dela komeni besoetan lokartzea
Izeko Milak
Eta pediatrak agindu du
Eskatu ahala eman, eskatu ahala eman!
Behinola
Lau zaldik torturatuaren
Gorputz ataletatik tiratzen zuten
Bik besoetatik
Eta beste bik hanketatik
Indar osoz egiten zuten tira
Zertan zebiltzan asmatu gabe
Nago herri hau ez ote den
lau zaldiri lotutako ume munduratu berria
Eta denek bortxaz atezatu behar dute
hobe beharrez
Herri hori
Kalekantoi honetan ez dute inor makilatu bertoko
Zokoetan franko dira negar-zotinak
Barreak dira bazter
Barrea ez da kanpoko
Hondartza honetan ez da itorik lehorreratu bertoko
Argibako faroak ditut ezagun
Gaur ere badago desenbarko
Atzipetua ez da umemoko
Horma honetan ez diete arrotzei behatzen bertoko
Kaleak largabistaz jantzi zaizkigu
Zuritu aldamioetako lohia
Koloretua ez da barroko
Enbata honetan haizeteak ez du txaluparik hondatzen bertoko
Gibelean dugu afrontua
Nora gabeak zapiak
Iparrekoa ez da siroko
Bidaia honetan ez dago herraturik bertoko
Portu eske dabilenarentzat
Urruntzea dakar posturak
Iruzurra ez da azpijoko
Aterpe honetan ez gaitu euriak bustitzen bertoko
Listuz kargutzen dute erruz
Mingain gabetua
Melatua ez da debozioko
Epai honetan ez da bilaurik hormara eroan bertoko
Ustea egia ustela dela
Naiz aiher zer esan
Gezurra ez da osoko
Erloju honetan ez da hondar-alerik okerka jausi bertoko
Tantaka dator fuel-olioa plaiara
O plaia do mortetik ez orduka
Ordularia ez da geroko
Besterri honek ez du negar-zotinik merezi bertoko
Bazterretan naute makilatu
Kanpo zokotu beharko
Kanpora ez da kanpoko
Lutxo Egia