bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


igor estankona

 


Oinazetuaren aienea



Zoriona ikusten dut
isilpean aztertzen ditudan
zure hazpegietan
-izango al dut zerikusirik
zorion horrekin!-
Nire buruari galdetzen diot
nondik datorkizun argia
-argi itsugarria
ura iturrira bezala!-
Orekan mantentzen zaituen
arimako lurralde hori
deskribatu behar didazu:
irrikitan ezagutu
eta menderatzeko.




Ganibetaren beldur

Garaiotan ezin zaio inori leporik eman
atorraren mila tolesturetako azkenetik
ganibeta aterako ote diguten beldur,
falangistak itzuliko dira, ez zenuke
dudarik ere egin behar.
Noizean behin tximista batek erretzen dit garuna
eta orain ere lurrean zerraldo
ikusi zaitudala iruditu zait,
suzko odolbildu itzali bat zarela uste dut,
laku zabal errepikatua
zeruaren izenean,
nahiz eta oraindik ez zaren zerua
zure gozamenaren beltzune sakonean.
Belarraren orriak bezala lurrean nago ni ere
zure argizarizko ezpainei begira,
Koldo Izagirrek gaua eman digutela esango luke
baina argi itsugarri bat da biltzen gaituena
hemen behean eguna gero eta beherago dator
korrontearekin luma bat izan zitekeena eramanez.
Aranzadikoek aurkituko gaituzte
eta nahiz eta gu ez garen inoiz berriro iratzarriko
gure ahazturatik iragarriko diegu gure ilobei
gure hezur hitsak gogoratu behar dituztela oraindik.



Hauts fina

Urki baten azpira etorri naiz
zauririk gabeko logurazko hari gorria
saihetsetatik kendu ezin dudan gezi bat delarik,
eguzkiak txatxamurka egiten dit
begietako kortinetan.
Aska bat bezala bete zaizkit esteak
nekez, azukrez eta isiltasunez, bat egin dut
higatzen nauen iraileko haizearekin.
Loak hartu nau,
paisajearekin batera aldatuz noa,
lurperatuz eta deseginez,
eztia bezala aldats beheran,
arrats beheran.
Aurretik igaro zaizkit ilobak, lo nago
eta ez diet diosalarik egin
eurek bai, eurek ikusi naute
nahiz eta ezin izan duten nire gorputz
eguzkitan disolbatua
munduko gauza ikustezinetatik bereiztu.

Igor Estankona



 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04