Kalkilian
bada neskatila bat
Ez dut urrunegi joan beharrik
amets egiteko.
Nahikoak ditut aldiriko trena eta
Itsasoen mugetan jolasten diren bide herdoilduak.
Ezagutzen ditudan hirien izenak
ezagutzen ez ditudanenak bezain politak dira.
Ametsotan amaiera bako ordeketan arnasestutzen naiz,
olibondoek, deserritik itzultzean,
hegazkinak ahoratzen dizkidate koilaretan,
telebistan lekutako gerren irudiak daude
judu alderraiak ez baitu lurrik kausitu.
Ez dut urrunegi joan beharrik amets egiteko
baina joan nahi nuke eta ikusi
"Fusilak iruntzietara" dioen bide seinalea,
harria eta hesia betiko banantzen,
soldaduak madamengandik itzuri,
hamabi urteko neba amaren altzoan lo,
zein izen duen biharko euriak eta
mundu osoko telegrametan:
Kalkiliak ez du Berlinen beharrik. Stop
gotzon barandiaran