bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


josu goikoetxea


Hamar gizon


Hamar gizon etorri dira andrearen bila.
Atari aurrean daude.

Hamar gizon etorri dira sentimendu txikiz jantzita.
Gosez batzuk, ogi eske,
beste batzuk ezkondu guran.

Hamar gizon etorri dira andreaz galdezka,
baina andrea ez dago.

Atarian biluztu dira,
arropak utzi dituzte eta
joan egin dira hamar gizonak.

Biharamunean
ilaran daude atarian hamar gizonen arropak,
tolesturik eta garbi usainez harrizko zoruan.

Hamar gizon etorri dira euren arropen bila.


Urte berriko zoriona

(Ni ez nengoen zain, ni galduta nengoen)

Eta hantxe zetorren dantzan,
galtzada horian gora,
urte berriko zoriona.

Denbora igaro da.
Nigana zetorren...
eta oraindik ez da joan.



Morroia


Orroaka heldu da morroia,
nagusiaren destaina begian,
eta ikusi egin gaitu.

Orroaka heldu da morroia,
nagusiaren bitsa ahoan,
eta hitz egin digu.

Orroaka heldu da morroia,
nagusiaren makila eskuan,
eta jo egin gaitu
morroiak.



JOsu GOikoetxea

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04