Pantera
emeak igarri egiten dizu...
Pantera emeak
soineko beltza jantzi du
bere larruazal beltzaranean...
eta tabernara sartu,
barrara hurreratu
eta begiratu egin dizu
sua darien begi zoragarri horietatik...
eta ederto daki
gerra irabazita daukala
zure ezpainak dardarka hasi direla
igartzean...
Nire aberkideak
ZZalantzarik ez dagoela diost,
ez dudala birritan pentsatu behar,
dirua banku honetan sartu behar dudala
dirua "etxean" geratzen dela,
"gure" banku batean, alegia,
konplizitatea bilatzen duen irribarre batez...
baina morroi trajedun honek ez daki,
edo ez du jakin nahi,
aberria, Igorretakoak esan zuen bezala,
hautatu egiten dela
eta nik ez dudala banku hori aberkidetzat jotzen
ez Athletic-eko koloreak
ez Begoņako andramari izeneko harri margotua ere
ez hiri honi harro begiratzen dion Lopez de Haro mertzenarioa
ezta protestaka ari den agureari samatik indarrez
oratzen dion "txakur beltza" ere
are gutxiago Botereari ipurdia miazkatzen diotenak...
Ziega batean bihotza gelditu zitzaion Kirruli,
gose greba batean hil zitzaigun Crespo Galende ahaztua
eta halakoak gogoratzen ditut halakoetan...
Nire zauriak
nire ametsak
dituztenak
dira
nire aberkideak.
Infernutik azken irribarrea
Palmondo baten azpian topatu zuten hilik
bere larruazal siku eta hezurtsuaren barruan
astelehen goiz goibel batean.
Ondoko errepidetik trafikoaren zarata etengabea,
itsasadarretik kaioak karraka
eta lantegietako sirenaren bat,
eta zerutik,
zeru goibel hartatik
bere beso more eta zulatuak bustitzen zituen euri astuna.
Indianoren batek landatuko zuen palmondo hura,
eta beharbada,
zeinek daki,
haren azpian etzan eta gora begira,
zeru ilun eta tropikal hari begira,
bere azken orduak emango zituen
beste lurralde epel eta koloretsuekin ametsetan...
Beharbada,
zeinek daki,
azken irudi hark irribarre eragingo zion
bere ezpain aspaldi hiletan,
oinaze hartatik ihes egin nahian...
Zeinek daki...
Infernutik
azken irribarrea
Poeta miope hau
parke ondoko kafetegi batean jesarri
eta haiku bat idazten saiatzen da,
leihotik zuhaitzei begira,
haiku bat
haiku eder bat,
bost zazpi bost,
zuhaitzei begira.
Ezkiek gozo
oparitzen digute
euren itzala
Irribarre egin du,
kafesnea ahora daramala,
libretan idatzitakoa irakurtzen duen bitartean.
Ezkiek gozo
oparitzen digute
euren itzala
Eta ezkietara itzuli du begirada,
euren azpian etzanda dagoen gizon beltz bat
CDz betetako poltsa zarpailtsu pare bat
ikusi barik.
Inork ez daki
gizon beltz hori
bizirik ala hilda dagoen
zeru itsaso zikin honen azpian.
Hala ere,
poeta miopeak
ederto bete du
idazleen akademiarako
etxeko lana,
bost zazpi bost.
Frankotiradorearen
altzoan
Summer gaizto xamar
halako izenburu batekin helduko lioke idazleren batek poema berri
bati
hasiera ederra
eta irudimen handikoa egin duelakoan...
jakin barik
poemaren sua, indarra... dinamita guztia
lerroen artean ezkutatzen dela
poemaren lerroen artean frankotiradore bat ezkutatzen dela,
odola borborka ipini nahi dizun frankotiradore bat,
larruazala ikara batean ipini nahi dizun frankotiradore bat...
ezpainak bustiarazi
bihotza urtu, gurina bailitzan,
hankartea berotu...
hori guztia egin beharko lizuke
poemaren lerro artean ezkutatzen den frankotiradoreak...
eta hala gertatu ezean
hori ez da poema bat, lagunok,
sukaldaritza berriko errezeta izan daiteke, lasai asko,
itsasgora eta beheren gaineko komentarioa,
toponimiari buruzko lau berba,
edo zer dakit nik...
Summer gaizto xamar, Sam...
baina ez,
hark uste du poesiaren xarma lerroen jantzietan datzala
berba puzzle dotoreak direla poemak
bolborarik gabeko kartutxo ondo dekoratuak,
eta ezin du hori guztia ulertu
soldatapeko idazleak,
eta ez du inporta zein hizkuntzatan esaten diodan...
ez du ulertzen...
edo ez du ulertu nahi,
soldatapeko morrontzak etxean babesten du
kaleko kiratsetatik
tabernetako izerdietatik
begirada bortitzetatik
basa ezpainen adurretatik
uniforme harrotuetatik
zain hanpatuetatik
beltzune kimikoetatik
zakil beroetatik
alu hezeetatik
labanen ahoetatik...
eta saiatu egiten da
zeozer idazten
baina aurreko orria, edo pantaila,
berbez gainezka badago ere,
bere musua bezain zurbil agertzen da
bere zainak bezain hutsik
agertzen da...
Summer gaizto xamar, Sam...
eta uda betean bizi haizela
uste dok...
paddy
rekalde