Goitika
-3
Nire gorputzak bihurgune bat
gutxiago balu,
eta zureak balazta bat gehiago,
zoriontsuago ginateke,
konformeago,
adosago,
gugandik aparte bilatuko
ahal genituzke bihurguneak,
balaztak,
arrazoiak.
Goitika -7
odola dago eta ez da zauri
ubeldua itzala baino ez da
gustora esango nioke forentseari
kolpetua izanaren ondorioa dela
ubel gorri more koloreko hau
nahiz eta gezurra den
egia beti hobegarri izan arren
mesedez epaile anderea
har ezazu aintzat ene salaketa
zauritua naiz odolik gabe
inor hil gabe mendekatu naiz
itzalez baino ez
besterik ezean
Goitika -9
pintzela hartu eta bodegoia
olioz
marraztu dut lehenengoz
melodia doitzeko saioa burutu dut
zortzikoz
harmoniari egin diot bide
silabak neurtuz erritmoari eutsiz
poema
modelo hartu dut buruaz bestekoa
horra hor artearen abantaila
behinena
ezerk baino eskurago ipinitakoa
autista izan eta aldi berean
normal
josu
landa