non
izango zara
non izango zara
gerezien sasoia heltzen denean
lokartu aurreko unean
loratuko dira urruneko sailak
eta zure arnasak
hartuko du kostaldea labarretan behera
etorriko da aldegiteko garaia
leihoak barrutik itxi eta
altzariak maindireekin estaltzekoa
orduan ere eguneroko
hezetasun neurria bilduko dute
plazako harriek banan bana
biharamunean
munduko oherik handienean iratzarriko naiz
porroten aldia pasako da
garaipenaren aldia joango da
errepideak berritzeko aroa
zumardiak jendeztatu eta hustutzekoa
eta beti egongo da hala ere
ahaztu nahiko ez zaituen bateon bat
nik aldiz
ardura larrienarekin
egunero ahaztuko zaitut
ordu jakinik gabe
Banatu ziren paperak
Bestek
idatzitako paper bat baino
Ez badago idazteko
Ez tarte bat zure oinen berri uzteko
Ez itsaso muker bat asmatzeko koskarik
Ez gainik harantzago egiteko begiekin sikiera
Azpimarratzea dago bigarren aukeran
Besteren hitzei xera egin edo azkazalez harrotu
Baina ez da tarterik besterenik bizitzeko
Must egiteko inon beldurraren lupetzatik hona
Dena dago betea eta berregina
Oberbukin modu bat bakardadean
Paperetik datorkizula zuhaitz tantaietara
Eta makadan belztura eta hostoetara
Inoren ezpainetara betetasun ito hori
Hitzetatik datozkizula ekintzetara
Igogailu mukuru bete bat arnasa
Non jausirik ez non landatu ez samina
Aukeren jolasa ez da hemen jokatzen
Ez dago beste paperik ez hitz bat gehiago
Banaketa egina dago eta azkenak ziren
Bi laztan gozo haiek eta urrunetik hartutako Argazkiak
Zerbaitekin bete beharra du bihotzak
Odola punpatzeko garaian
Akidura etxekoia zainetan aurrera
Adabakiz jositako gogo baten itxura izan
Eta zeureak batzuetan
Eta bestetan besterenak bizitzen ari zarelakoa jakin
Segurantzia hori izan eta paper on baten
Ametsetan bizi eta mutur zuri bat
Erdiestearren muturrak hautsi
Non bizi zer idatzia ukan
Banatu ziren paperak
Eta zerrendan zure izenik ez dago
Dentistak esan dit
Dentistak esan dit
Ez dudala neure burua sobera maite
Ez dagoela aho aldea
Izurriak jotako kanpalekua nola
Abandonatzerik
Isilik harenetik atera eta
Ibai ertzean egon naiz
Aldi batez urari so
Uneoro ispilu berriek jende berria
Islatzen zuten autoen kristaletan
Ttu odolduaz seinalatu dut
Etxerako bidea ilun aratzean
Eta nire hortz-haginak
Eginkizun jasoago batean
Enplega ahal balira:
Esate batera haur jolas batean
Edo pozoi hilgarria herriko ur-depositoetan…
Baina dentista lagunari
Peter Panen begi larrituak
Ikusi uste dizkiodala
Gomutatu naiz
Zahar-etxe albotik pasa naizenean
Orduan neure buruari agindu diot
Aurki itzuliko naizela
Tartetxo batez bederen
Haren bakardadea artatzera
Neure haginen artzain
Esaten ez direnak
gaur arte esan ez diren horiek
idatzi ez direnak
esan idatziko ditu norbaitek
gero elkarrekin ahaztu egingo gara agian
baina harria ezarriko du eskuak harriaren gainean
harana sortuko da berriro mendia den tokian
eta ez dio ardurako
maite ninduzula esan edo idatzi zenidanekoa
beste hitz bat estekatzen diogu aurreko hitzari
oin-arrastoa uzten gabiltzan bidean
hitza eta oin-arrastoa aurrekoaren segidan
inork pentsa ez dezan
berea zenik azken maitasuna
Esku
hutsik nator
begira,
esku hutsik natorkizu
naizen naizenean
jarri nahi dut munduaren aurrean
eta biluztasun moderatu bat aldarrikatu euripean
entzuteko eran baina oso ozen ere ez
zigarro bat piztea edo amatatzea
humanitatearen hurrengo urrats gaitzari ekiteko
seinalea izan daitekeela konbentzituta
eta hau guztiau diotsut
erdi kaleko kantoi batean
zure antz handia duen pertsona bat
aurreko dendatik noiz aterako nagoela
Gosaria
jendeak
ontzi bat bezala betetzen denean
edo oihanpe itsu bat legez zarratzen bada
egiten du kera
eta maiz horrela uzten dio bizitzeari
bestela bota egiten dute
edo ezabatu eta ahantzi
bart semea hurbildu zait loak hartu ezinik
gau beranduan
hil ondoren zer gertatuko zaion kezkarekin:
hosto jausien dantzak
eta semearen azal hauskorrak
estali didate munduaren ikusmira,
musu eman eta ohera doa
auzoen erlojupeko orduen segida
ezin dela nekarazi pentsatu
eta umearen ezpain bustietan
etorkizuneko kanpalekuak eta ibaien ibilgua bistatu zaizkit
argia amatatzeaz bat,
goizean semeari paratu behar nion
gosariarekin aurre-gozatu naiz etzan orduko
eta loari gutun labur bat idatzi diot
aire beltzean
oker nenbilela uste dut
uste dut geu beste inor ez dela geure geroa
Jose Luis Otamendi