bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


leire bilbao

Hautsa

Hautsa liburu ahaztuen gainazalean.
Hautsa begiak itxiarazten
kalean haizea, zurrunbilo izan nahi
eta ezinean dabilenean.
Kristaletan hauts tantoak isilean itsatsita
Oroimena bera ere hautsez gainezka
noizbait denok hauts bihurtuko garen sena haustuaz...
Oro da hautsa,
mundua bera hausten doalako?
edo hautsia dagoelako ?


Hodeiak

Ihesi doaz hodeiak
patioan bueltaka dabiltzan presoak bezala
dauden lekutik ihesean beti
eta zuk begiradarekin jarraitzen diezu
urrunetik.

Batzutan hodei izan gura zenuke
harrapatuta egon arren ihes egiteko
nahi duzuna estali eta nahi duzuna argitzeko
agerikoa bezain eskuraezina izateko.
Konturatu arte zu ere
munduaren beste geruza azal bat baino ez zarela
tartean zaudena
lurra bezala,
hodeiak bezala
norabide berean
beti ihesean doana
nondik, norengandik ez dakizula.


Esku ahurreko arrainak

Behin zure esku ahurreko errekan aritu nintzen igerian
lotan zeundela izan zen
zure esku ahurreko arrainak bezala
ur azalean lo.
Amu galderekin harrapatu nahi izan nituen
erreka azaleko arrainok
zure itsasgizon garaien berri
itaundu nien jakinminez
baina ez zidaten ezpainik eskaini
ez zidaten eskama musurik eman nahi izan;
ihes egin zidaten
zure begirada gaziak bezala
eta birikak urpean estutu zaizkidanean baino
ez naiz konturatu
egiak meandro gehiegi dauzkala
itsasoa deritzon bainera zahar horretara
ailegatu aurretik.

 


Begi ninietan

Alfonbra azpian ezkutatu ditut desioak
eta giltzari buelta eman
munduak bere buruari ematen dion bitartean.

Bizitza zailtasun sinple bat baino ez da
zure begien zulora erori nintzenetik
eta ez dakit nola irentsi gerezi malko hauek
zure begien ninian bueltaka nabilen bitartean.

Behatoki honetatik zer dakusazun ezberdin jakin nahi nuen
mundua bezala
neure buruari bueltaka
zure begi ninietan.
zer dabilen nitaz aparte

Kliskada batean atera nintekeen
betileen urjauzitik
baina betazalak itxi eta gatibu hartu ninduzun
Horregatik dakit ez nauzula gehiago
naizen bezala ikusiko.



Ibiltzeko moduagatik

Ibiltzeko moduagatik
jakin liteke bere buruarekin gustura doan bat.
Ibiltzeko moduagatik,
zoriontsu izateko bokazio faltan dabil horko hori
takoiak kentzean hutsean geratzen da beste hura
eta oinutsik doan beste horrek
ez du lurra hankazpian sentitzen.

Ibiltzeko moduagatik,
ezagutzen zaitut lepoz
galderak irakurtzen dizkizut
ezkerreko pausuan
ametsak eskumakoan
eta badakit ez zarela niregana etortzen ausartuko
bidean esan beharreko dena esango zenidakeelako
ni eta zure arteko bidean zuzen datorrena
nire aurrean paratuko zelako
eta ez zidalako entzun nahi dudan hori aitortuko
zure oin hotsek bezala
zure oin hotzek behin aitortu zidaten bezala.


Betazalak

Gezurra zioten zure betazalek.
Taupadaka gezur zure betazalen azpian
eta nik guztiak sinistu nahi.

Lo egin berri duenaren usaina daukazu
esnatu berri denaren zaporea
jaioberria dirudizu
horregatik sinestu gura dizut ume batek bezala
egi zaharrak harriduraz deskubritzen
utziko bazenit
zugan sinisten
Baina begiak jaitsi dituzu
isiltzen denaren begietan,
isildu duena irakurri daitekeelako;
hilotzei betazalak ixten dizkiegunean bezala.

Hiltzen denaren begietan,
esateko duena irakurri litekeelako.


Nola oroitu zutaz

Nola oroitu zutaz, ezin bazaitut ahaztu
euriak aterkipean bezala ukitzen banauzu nahi ez dudanoro
nire zainen errekan nabigatzen bazabiltza arrantza baimenik gabe.
Nola oroitu zutaz, ezin bazaitut desoroitu
zelai hezeen usain berdea bezain itsaskorra bazara
belar metak adina desio pilatzen badizkidazu
Nola oroitu zutaz, sosegu bila nabilenean
hobe bazaitut ahaztu.


leire bilbao

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04