bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


igor aranbarri

Aitonaren oroitmeza

Aitona hil zela nik adina urte badira,
neguko hotzak gerturatu ala, oroit meza tarteko,
365 egunean behin barneratzen naiz kristauen Etxe Santuan...
Ene begi aspertuen noraezak beti topatzen du harrituko nauen zerbait...
Zaharretxea dirudien kristalezko hitzen gordailu den lokal haundi honek
pentsamenduak dantzan jartzen dizkit,
hamaika barne jardun esnatuz altare gainean nahiz ari begira daudenek.

Aurrean zuen liburu lodia bi eskuez igo eta...
Sinesten dut zioen apaizak.
Mila bider esanik ere,
lehenengo aldiz izango balitz bezala.
Sinesten dut! Sinesten dut!
Ozen ahoskatzen ere belauniko zeuden begi petralez jantziriko 1. ilarako 3 andrek.
Agur Maria, gizaldi eta gizaldietan, Amen!!
Eliza handi hartako pareta guztiak deiadarka,
mila duroko oihartzunak erregalatzen.
Gizaldi eta gizaldietan, Amen!
Guztiak bi mila urtez iraungo balute bezala.
Ezjakintasunaren ikasgaiak maisuki esplikatzen bata,
musuzapietan ahituriko salbazio bila marmario etengabean besteak...
Bati min egin, eta besteari barkamena eskatzen,
a ze mundu xelebrea gurea...

Atzokoak gaur errepikatzen dira,
eta bada-ezpada biharko okerrak aurrez aitortzen,
mingain zorrotzez beteriko kafetegi aspertuak testigu.
Iraganeko istorioak bizi eta berbizitzen...
Eta zer da ba lehenaldia oroitzapen idealizatu bat baino?
Eta etorkizuna? Etorkizuna ez da existitzen...
Une hau ere arnastu ala fusilatzen dugu.
Nahiz eta guk erloju bidez guzti honi zentzua eman nahi izan,
guztia zentzugabea da...
Berdin mantenduko den gauza bakarra, denborak higatuko ez duena...
letraz letra idatziriko lerro zoro hauek dira,
zentzu bat topatu nahian hilezkortasuna lortu dutenak,
orri zuriei izaera lapurtu dieten hizki madarikatuak...

Apaizak eskuetan duen liburu lodi horretan bezalatsu...


igor aranbarri

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04