bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


maite toledo

20F

2003ko otsailaren 20a.
Del Olmo izeneko epaileak
mendi zorriak, bidali ditu
hamar lagun atxilotzera,
Euskaldunon Egunkaria isiltzera.



Karabatoak


Karabatoak, karabatoak eta karabatoak;
hitzek hartu diete lekukoa karabatoei;
bertso lerroak eman dio, azkenik, forma sentimenduari.



Sutu!

Hiria da nire basoa;
basoa dira nire hiriko
itsasoaren kontu eta kantuak.

Nirekin, zurekin, zuekin
egoteko idazten dut,
ez mundua aldatzeko asmoz,
munduak alda ez nazan baizik;
poesia da darabildan fusila.

Sutu, ar!



Gatibu

Gatibu sentimenduak,
korapilatuta zintzurra,
lehortuta begiak,
gorputza, bihotza, arima
txilioka izan arren.


Astelehena: Ion Ander ez da jaiki ohetik.
Ez du adorerik; ez du ajerik;
ez dago gaixorik; ez dauka hitzik.

Martitzena: Ion Ander ez da jaiki ohetik.
Ez du adorerik; ez du ajerik;
ez dago gaixorik; ez dauka hitzik.

Eguaztena: Ion Ander ez da jaiki ohetik.
Ez du adorerik; ez du ajerik;
ez dago gaixorik; ez dauka hitzik.

Eguena: Ion Ander ez da jaiki ohetik.
Ez du adorerik; ez du ajerik;
ez dago gaixorik; ez dauka hitzik.

Amak esan du lagunek esan diotela
goardabazibilek, gelditu zituztela,
hormara begira jarri zituztela,
eskuaz kulatazo bat ekidin zuela,
tanketa barrura sartu zutela,
konortea galdu arteraino jipoitu zutela.
Ez daukat gogoan ze egun zen; bai, ordea,
Jaizkibeleko kotxe karreratik zetozela,
Pasaiako portutik igarotzean jazoa dela.




Bihotz-begi

2003ko otsailaren 25a,
Pasaiako portutik hamabost urtera,
telebistari beha gaudela,
Sotoko kartzelatik atera da
Egunkariako Otamendi kalera;

Begiak malkotan blai.
Ez pentsa tipula txikitzen nabilenik;
bihotzetik erauzitako
lanbroaren sarra-sarra da
gaurko malkoen negarra.

Ez dakusat negar egiteko
egia irrazionalik,
bai arrazoizkorik.

Inoren minagatik
normalena ez da
negarrari ematea.

Gaur, ordea, mina dut bihotzean,
besteren minagatik.
Orbaindutako zauri batzuei
zirrikitua ireki zaie;
isuri txikia darie

Eta bihotzean min dudanean,
negar egiten dut gogotik,
tipula txikitzen ez ibiliagatik.

Tratu txarra jaso duela esan du Martxelok,
arratoien moduan tratatu dutela.

Mutila horren abailduta ikusteak
hain laga nau jota, ezen orain
hamabost urteko Pasaiako portura eroan nauen.

Besteren mina
ene mina bilakatzen den
horietako egun bat da gaurkoa.



In-justizia

Legeak
asmatu,
idatzi,
ikasi egin dituzte;
baina askok
ez daki
asmatutako
idatzitako
ikasitako
lege horiek
justiziaz irakurtzen.




Maite Toledo

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04