bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


galder perez

Sekretua

Ilunabarraren zain nago
bai, baina
ez dizut esango.

Isilik aurkituko nauzu
bai, baina
ez dizut esango.

Poltsikoan gordeta daukat
bai, baina
ez dizut esango.

Ez.

Eskatzen badidazu ere ez dizut esango.
Zurea egin nahi badut ere ez dizut esango.
Bakarrik banago ere ez dizut esango.
Sakelan kili-kili egiten badu ere ez dizut esango,
gaua etorri arte.

Gaua iristean, lotan zaudela,
orduan
bai
entzuten ez didazula
esango dizut.



Pijama

Pijama jantzi dut gaur
zu gabe oheratu naizelako.
Besarkadak ordezkatzeko
laztan goxoak asetzeko
oin hotzak berotzeko
arnas azkarra baretzeko
kontu goxoak entzuteko
pijama jantzi dut.

Baina ez dit afekturik ematen
ez dit barrerik eragiten
ez dit bihotza berotzen
ez dit abestirik kantatzen.

Kenduko dut pijama beraz
zu gabe oheratu naizelako.
Kenduko dut pijama beraz
gau honetako ametsak nire pijama izan daitezen.





Lehorrera heltzen ez den olatua


Olatu guztiek berbera ematen dute,
bakarra.
Besteengandik bereizten den olatua
ezagutzen dut.

Lehorrera inoiz heltzen ez den olatua badago.
Bide bakarra egiten dakien olatuak
are sikua ikutu behar duenean
itsasoaren indarrak atzera egiten dio,
atzera berriz ere.
Behin eta berriro
itsasoaren indarra.

Apurtzen ez den olatua
buru makur dabil ur azpian,
atzera eta aurrera
hilezkorra den gizona bezala,
itsasoaren indarrez
behin eta berriro.

Itsasoaren indarrak,
atzera eta aurrera
eta ilargiak,
behin eta berriro,
olatua ahultzen dute.
Bere bidea aurkitu ezinik
aurrera eta atzera
lehorrera heldu ezinik
behin eta berriro
noraezean doa olatua.



Galder Perez

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04