Egunkari bat atrildu zait besoetan
Ikusi nuen azkenengoetan
erraietan gordetako altxorren zamari zebilen,
esnatzearen atalasetan oraindik,
ezpainak estutu eta begiak itxi arren
atzamarretatik ihes egiten zion
urmaeleko haurtzaroa oratu gurean.
Halako ametsak etetea,
bizitza erdia elkarrekin igaro ostean
banatzen diren maitaleen desilusioa izan liteke,
atzera ezin eginaren uste osoa.
Baina zer jakin lezake ausentzietan hazitakoak
bizitza erdia inorekin konpartitzeaz
ez bada bere bakardadeaz?
Hiztegi bat behar dut
ene ezjakintasunari erakusteko,
orrialde zuriak zabaldu
eta testigantzen definizioak apailatzeko.
Kaleak biraoka ibiltzen dituzten
berba-hiltzaileekin ikusi nuen urruntzen,
kantu ederragoen eskean,
urrezko ardilarrua jantzi ezinik
eta emagaldu itsu eta ezpatariaren
balantzetatik zintzilik.
Etorkizunaz iragana denean kezkatu eta
paperezko amets bihurtu zaizkit egunak,
erreka izandako bidazti edadetuak,
ostatu bat hitzen herrian,
ahots hilak elkarren lotsa.
Beste guztia dioten hitzak
izan daitezela uralakoa,
zabal ditzatela arrakalak aranak sortzeko,
xurga ditzala gure lurrak.
Ibilian hiltzen ikasi behar dut
eta berandutzen banaiz,
ez larritu,
hitzei begietara begiratzea baino ez dago
zintzoak diren jakiteko.
Orri baten azalean
zizelatu zidan mezua
bihotza bahitzea gura zuela baina
ez zegoela erreskatea ordaintzeko prest
eta niri,
egunkari bat atrildu zitzaidan besoetan.
Gotzon
Barandiaran