Ulertu
gabe ulertu
Uste izan genuen gauzak
Gauzak zirela soilki, apaindura
Zehaztasunen beharrik gabe
Galtza
motz horiek
Etxe atarian jokorako
Moldatutako zelai eremu hura
Bizilagunen begi zelatariak
Amaren errietak, aitarenak
Helduak
beti izango zirela
Heldu zaharrak beti
Izan zirela zahar, eta gu
Beti izanen ginela haur
Gure
karrikak ere gureak ziren
Nikoren denda txikiak ere paisaia
Horretan zeramatzan mendeak, eta
Hor egonen zen hurrengo
Mila mendeetan ere, gu bezala
Lehen
aldaketak, istripuak bezalakoak
Iruditu zitzaizkigun, nohizbehinkako
Belauna ukondoa eskumuturra zauritua, edo
Aurreko gurpilaren zulaketaren antzera
Eta ez genien garrantziarik eman
Behin
Peru, behin bakarrik
Heriotza
ez da birritan ez da
Hirutan jazotzen: ezta zeurea ere
Amaren
negarra oroitzen dut
Bere ezpainak zure izena errepikatzen
Azken hizkia latzgarriki luzatuz, eta
Lau anaiarrebok ere larriki lagundu genuela
Malkoen ariketa bitxian geu
Ulertu gabe baina ulertuz samin
Ulertuz hondamendi, ulertuz
Dena ez da eternal, ezta geu ere
Harik
eta jabetu ginen arte
Nohizbehinkako aldaketa txoro horiek
Nohizbait hil ala bizikoak suertatuko zitzaizkigula
Eta orduan, soilik orduan hasiko ginela
Aldaketa horien baitan geundela
Ulertzen
Karrikak ere ez zirela geureak
Eta Nikoren denda harek ere
Modernitatearen harrapakin izateari
Amore eman beharko ziola
Geure haurtasunak ere
Eta bihar nerabe eta etzi zahar
Eta zimurtu izango ginela
Bizitzak
elikatzeko
Bizitza behar duela
Denborak denbora behar duela
Eta horrek maileguan bizitzera
Kondenatzen gintuela
Geure
egunen eta denboraren
Gonbidatu soil izatera
lander
garro