bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


ainhoa lendinez

 

Zeloak


Ez gaitu bakean uzten.
zelo bat da,
ez bi dira,
zu eta ni,
hura eta ni,
hura eta zu.
Hiru zelo dira guztira
banatzen gaituztenak.
Nire zureganakoak,
nire harenganakoak.
eta haren nireganakoak.
Deklinabidea osa genezake
izenordainez antolaturiko zeloak.
Zelo bat, bi, hiru
hamaika zelo.
Eguneroko bizitza astintzen,
alaitzen?
Ez astintzen.
eta dantzan jartzen,
kolokan..

 

Zilbor-hestea

Inoren hitz samurrak belarri albotik gora sentitzen dituzunean,
orduan bai,
orduan zirrara eta dardara,
ezinegona eta poza,
sentituko dituzu gorputzean gora.

Odolak bor-bor,
bihotzak taupa-taupa.

Eta laztanen mende ez zaudenean, berriz,
ez zara jada esku leun haien usaina dastatzeko gauza izango.
Hartan ez zaudenean, izanen al da gogoa hura bizi duzunean baino handiago?

Loak hartu arren, laztanak bilatzeari ekingo diozu.
Maitasunaren ate guztiak joko dituzu,
eta ametsen leihoak irekiko.
Beste aldean ezereza.

Gauaren meneko izanik baino ez zara aseko.
Eta ilargia, han goian, barreka.
Bihar negar malkoek baino ez dute mundua argituko.

Kateak eraiki nahi dituzu,
baina nahiaren zilbor-hestea,
zilbor-heste galdua da..

 

Etimo-logikoaz

Hitzen etimo logikoaz ari garenean
antzina norbaitek bere gogora,
ahal erara,
hizki ezberdinak elkarren artean lotuak

Hitz indigenak beraz,
hitzen munduan lehenengo gizakiak

Hitz indigena ezezagunak
berreraiketaz, hipotesi lez botatakoak
egungoen etimoa bilatu nahian
etimo logikoa.

Hitz bat, bi, hiru
hitz anitz liburuxka bat sortzeko
zalantzak etimoetan
zalantzak jatorrian...

Baliabide fonetikoak
eta fonologikoak.

Lurraldea atzerritarrez osatua
eta bi isotopia baino ez poema honen osagarri
etimoa eta logika
leinua eta nortasuna.

Jatorria asetu nahia,
ase-nahi ezina...

Bizitzaren filosofia


Zoriona, maitasuna.
Zio multzo baten deiari jarraiki hazten dugu gure izana.
Eta zertarako?
Bizitzaren berezko funtsa galdua duen haragaia baino ez gara.
Gure erara antolaturiko munduak nazka sortzeak beldurtzen gaitu finean.
Eta printzipiorik gabeko lurraldea eraiki dugu.
Zorionekoak zuek! Dirua bazkari duzuenak!
Eskuz esku ibili izanak emango al dizue merezi duzuen jakituria,
ez hori,
ezpada zikina eta kiratsaren irribarrerik..




ainhoa lendinez

 

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '03