Ametsen
sehaska
Bizarra egiten dudanean
goizetan urrun ibiltzen naiz
luberri egiten oihan itsuetan
napalm usaina hartzen diot aireari
kea
altxatzen du Bagdadeko aireportuan
bizarra
kentzen dudanean
ur aparrak darama goiza
itsaso ezezagunetarantz
eta nire ametsen sehaska
hutsik ikusten dut berriro
Arranguraz
Haginlariak
ahoko zuloa miatu dit
urteetako jan-edanak
arnasak eta keak
nire aho biluzia ikuskatu du
txatxar zuloak zirikatu
hagin ustelduak erauzi
makestutako hortzak
berdindu artatu ikuzi
Haginlariak
harriz harri
deseraiki nau
lerroz lerro desidatzi
neure mina kendu dit
horrenbestez desarmatuta
utzi nau
aho bete huts
orain
amnesiaren
galerna haragitsu gozotan
abandonatu dut ahoa
best-seller baten ondoan
mesanotxean utzita hortzak
oker begiratzen didatela
goizero jaio berritzearen
arranguraz
Barraskiloa
Neure barnera bilduta
eguerdiz barraskilo neurotikoa
zarelakoa egiten dut
eta eguzkiarekin maitemindutako
leiho lurrundua naiz
labain egiten dut
zure oskolaren maldetan
eta jausi beste biderik ez dela badakit
neure ametsetan bilatzen zaitut
balkoietara begiratu eta
jende guztiak agurtzen nau
eskua zabalik
ez dizut galdetuko zoriontsu zaren
nik betetzen ditut minutuak gaur (asko)
zure arrastoa azkena sumatu nuenetik
(hezea, lirdinga, likatsua)
luzeiritzita bizi naiz
eta neure oroimenetan
Pasaiako buzoa aurkitu uste dut
burdinazko oinetako astunekin…
orain esadazu nondik hartzen duzun arnasa…
eta norekin
Ezin du berandu izan
ezin du berandu izan
hemen bazaude
lerro artean ihintzak
hartu ditu hitzak
busti egiten zait eskua
ukitzen zaitudanean
ezin du berandu izan
gertu bazara
urtu egiten dira hitzak
hortz artean azukrea nola
eta urrun bazabiltza…
ezin du besterik izan
Zer
gerta ere
zer
gerta ere
gasa kendu dut ohera baino lehen
argazkiei eman diet begia
eta argia amatatu dut gero
bihar ere
egiteke utzitakoei ekiteko
jaikiko denik izango den
segurantza kezkatuarekin
hartuko nau loak
zer gerta ere
GI
631
Badira hatzekin mapetan
zeharkatzen ditugun itsasoak, herrialdeak
grinarik gabe
lotura bakarra
balizko txango bat
balizko jende bat balitz bezala
mintzairak soberan daude
ortziari buruz egiten dute
Babelgo zurubien pare
eta hatz bat ez da hatz bat baino
zure ezpainek laztan nazakete
eta zure hitzek
nire epelkeria beti arbuiatuko badute
poesia eremu librea delako da
inoren gorputzak berotutakoa bada
zapi oro bandera dela
sinesten dugun bakarrak gara
eremu inmobilista honetan
GI 631 errepideko
14.kilometroan nago
munduaren uztai okertuari begira
Jose Luis Otamendi