bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


xabier mendiguren

La Chambre d'Amour

Sedia-m'eu na ermida de San Simion
e cercaron-m'as ondas, que grandes son
Eu atendendo meu amigo

Estando na ermida ant'o altar
e cercaron-m'as ondas grandes do mar
Eu atendendo meu amigo

E cercaron-m'as ondas, que grandes son
non ei barqueiro, nen remador
Eu atendendo meu amigo

E cercaron-m'as ondas grandes do mar
non ei barqueiro, nen sei remar
Eu atendendo meu amigo

Non ei barqueiro, nen remador
morrerei fremosa no mar maior
Eu atendendo meu amigo

Non ei barqueiro, nen sei remar
morrerei fremosa no alto mar
Eu atendendo meu amigo

Meendinho (XIII. mendean)

1.

Angelun
Euskal Herriak ia Euskal Herri izateari
uzten dion txoko horretan
Miarritzeko hondartzatik Aturriren bokalera bidean
bada bazter bat
izen erromantiko eta ozenekoa:
La Chambre d'Amour
Amodioaren gela.
Badirudi oso ondo ezagutzen dudala
eta hala ere ez naiz inoiz bertan izan
(hobe aldez aurretik aitortzea ene lotsarik eza).
Dena dela
La Chambre d'Amour ezagutzen ez badut ere
ezagutzen dut amodioaren gela.
Eta nork ez?
Probatu ez duenak
lotu diezaiola bere lepoari lehenengo harria
eta bota dezala itsasoan behera.
La Chambre d'Amour...
izena bera asko baldin bada
ez da gutxiago izana:
hondartza ertzean
arroka artean
itsasoaren ondoan
meridiano batek ebakia dirudien lerroan
mendebaldera Atlantiko mugagabea duela
arratsaldero ilunabar ezin luzeagoak ikusiz
eguzkia odolezko putzu batean bezala ezkutatzen dela...
Baina irudi hori askotan deskribatu izan da
ez nadin metafora gastatuetan galdu.
Hantxe dago beraz La Chambre d'Amour
turisten bisitaleku
haurren jolasleku
maitaleen amesleku.
Baina izan al da inoiz maitalerik La Chambre d'Amour-en?
Leiendan bai, noski
baina leiendatik kanpo?
Polita da leienda bera
itsasbehera eta itsasgorarekin lotzen dena.
Itsasbeheran lurrari lotua da La Chambre d'Amour.
Hara joan omen ziren behin maitale bi.
Itsasgoran berriz lehorretik aparte geratzen da.
Han geratu omen ziren, ezustean, maitale biak.
Denboraren orratzak azkar baitoaz amodioaren gelan
marearen gorabeherak baino azkarrago
eta isolaturik gelditu ziren kondairako amoranteak
bere irlatxoan.
Hotzez dardarka eta itorik hiltzeko beldurrez?
Baliteke.
Mundu urrunari ezaxolaz begira eta beren maite-jolasean iraunez?
Hala pentsatu nahi nuke.
Zenbat metafora eta interpretazio egin litezkeen!
Amodioa itsumendu
amodioa galbide
amodioa estasibide
amodioa paradisu.
Bata bezain zuzena bestea
beste guztiak bezain partziala bakoitza.
Hatz arteko harea bezala
esku ahurretan bildu nahi genukeen itsasoa bezala
ihes egiten baitigu amodioak
irudi zehatz batean finkatu nahi dugunean
esanahi jakin batean iltzatu nahi dugunean.
Horregatik geldituko da bertan zut
apur bat kursi baina beti misteriotsu
La Chambre d'Amour
Angelun
Euskal Herriak ia Euskal Herri izateari
uzten dion txoko hartan
Miarritzetik Aturrira bidean
itsasoaren aurre-aurrean.


2.

Imajina dezagun orain amodioaren beste gela bat
itsasoak jitoan ekarria irudi.
Itsasotik urrun gaude ordea.
Itsaso guztietatik urruti.
Euskal Herritik ere urrun gaude orain
Euskal Herri guztietatik urruti.
Eta hala ere
euskal herri puska bat dugu hemen.
Zer ikusirik ba al dute ba amodioak
eta Euskal Herriak?
Ez derrigorrez
baina bai gure poema honetan
lizentzia onartzen baldin bazaigu.
Amodioaren gela
amodioaren ziega
bihurtu da.
Maitaleak biltzeko tokia.
Maitale urrunduak behingoz
eta aldika
elkartzeko lekua.
Itsasgora behera etorri arte
edo alderantziz
marea bateko bitartean.
Itsas aurreko harekin konparatuta
chambre hornituagoa da hau.
Horra aulkiak
funtzionalak
batek hanka bat loka.
Horra paretak, zuri
irudi eta posterrik gabe
eta hartara hobe;
are leihorik gabe
egurasteko zirrikitu batzuk izan ezik
amodioaren gehiegiak ito ez ditzan.
Horra argia ere
nahi bada pizteko
eta nahi denean itzaltzeko.
Horra komuna
leku inportantea inondik ere
gelatik urrutira gabe komeni dena, higienearen amoreagatik.
Eta horra ohea
tresna ezinbestekoa
bestela ez zen izango amodioaren gela
edo chambre d'amour
Angelutik urruti
Euskal Herritik aparte
baina hala ere euskal herri txiki bat osatuz.
Harakoak esan zuen bezala:
zuetako bi nire izenean biltzen zareten aldiko
han izango nauzue ni ere.
Konparazio sakrilego bat eginez
euskal haragi puska bi elkartzen diren tokian
non han baino hobeto
euskal aberria?


3.

Izkina batean dago,
paretaren kontra jarria
ohea.
Baina guk gelaren erdira ekarriko dugu,
alegian bada ere,
hobeto ikusteko.
Voyeur zikinak bihurtu garela esango digu baten batek.
Nola zuritu gure jokaera?
Poetak bere begirada noranahi eman behar duela esango dugu
mundu zabalean arakatu
eta mundu horren erraiak bistaratu
bere min
oinaze
sufrikario guztiekin.
Baita bere poz
barre
gozamen apurrekin ere.
Horregatik sartu gara amodioaren ziega honetara
infernu beltzeneko harrobi-zuloetara jaisten dena bezala
handik sentimen eskukada bat ekartzera
mea aberatsenaren
altxor ezkutuaren
bila.
Ez dut segituko bide honetatik ordea.
Utz ditzadan alde batera alegoria merkeak:
non da hemen urrea, non zilarra?
Giza gorputzak ez du sortzen
isurki triste batzuk baizik:
mukia
malkoa
listua
odola
gernua
izerdia
eginkaria
hazia
batzuk besteak baino tristeago
baina komuneko zulotik behera amaituko direnak, denak ere.
Eman diezaiogun beraz biologiari
berez biologiarena dena
eta ekar dezagun poemara
poemari dagokiona.
Orriaren erdira ekarri dugu ohea.
Gelan ez da oraindik inor sartu baina.
Sumatzen ote dute lekuek
aurretik bertan izandako biztanleen psikofonia eta itzalak bezala
ondotik habitatuko dituzten giza presentzien aztarna?
Isilik diraute koltxoiak
oheburuak
lau hankek
ez balekite bezala
eman zaien protagonismoaren berri.
Baina hala ere bertan dago
gelaren erdian
ohea
haragizko komunio honetako aldare.
Ahoa zabalik itxaroten duen
munstro antzinako bat iduri
aldi berean pazientziaz eta artega
sakrifizio berrirako prest.


4.

Izarak eskuan sartu da emakumea.
Neska gazte irudika dezakegu
emakume sasoiko
edo tarteko edozein adin.
Ez da berdin
baina berdintzat hartuko dugu.
Betiereko emakumea balitz bezala
etiketa horiek
sinplifikazio hutsa diren arren.
Maindireak dakartza beso artean.
Etxetik.
Autobusean eta taxian
aldean eraman ditu uneoro
poltsa batean sarturik
magalean oraturik
gaurko bisita bereziaren oroigarri.
Mihiseak etxetik dakartza emakumeak
zuriak
kotoizkoak
agian berriak
hobe ordea garbitu berriak
etxeko usaina dakartela oraindik.
Bera sartu denean inor ez baldin badago
ohea egiteko aprobetxatuko ditu
gizona etorri arteko minutuak.
Zer egin
nora begiratu
nola bete jakiten ez den
denboraz kanpoko tarte zehazgabe hori.
Azpiko maindirea aurrena
gainekoa gero
burukoaren azala azkenik.
Ohe arrotz hori ukitze hutsak
ematen dion nazka moduko hori agoantatuz
gaindituz.
Ohe jantzi berriaren ertzean eseriko da gero
une batez
aldi berean esku-ahurra maindirearen gainetik pasatuz
zimur egiazko edo irudizko bat lisatu nahian.
Gizona oraindik ez badator
ezertan ez pentsatzen saiatuko da
edo sinfalta esan behar dizkion kontuak
eta eman behar dizkion enkarguak
gogoratzen.
Baina nahi ezta ere gogora etorriko zaio
ezinbestean
hemendik ordu batzuetara
marea behera etorritakoan
bildu egin beharko dituela izara horiek berak.
Gainekoa aurrena
azpikoa gero
burukoaren azala azkenik.
Apur bat zimurrago noski
agian baita zikinago ere
dudarik gabe ederrago.
Izara erabilien tristura infinitu hori bildu
eta jaso
eta etxera eramango du beriro
poltsaren barruan ondo sartuta
azaldu ezin duen lotsa moduko bat emango balio bezala
eta lotsa ematen diolako ere lotsatuta.
Ez baitago zertaz lotsaturik
eta horregatik helduko die maindireei
magalean
autobusean edo taxian
bueltatzen denean.
Eta aldian behin izara mutur bat aterako du
kanpora
orain eusten ahalegindu behar duen malko iheskor hori
lehortzeko.


5.

Gauza ederra da besarkada
hitzez adierazten zaila baina.
Zertarako esango dugu ezer ordea?
Hitzen beharrik ez dutelako
hitzen beharrik ez izateko
besarkatzen dira
maitaleak.
Eta aldi berean dena esaten diote elkarri
besarkada estu horretan.
Denbora gorputz egiten da
espazioa arnasa
nonahiko eta noiznahiko besarkada guztiak
besarkada bakarra balira bezala
La Chambre d'Amour-en
eta amodioaren ziega honetan.
Besarkada ideal primigenio horren aldaki lirateke halaber
(parentesi kultista bat zilegi baldin bazaigu)
artistek asmatu besarkaden irudi ezagunak:
Gustav Klimt,
Tamara de Lempicka,
Aurelio Arteta
eta beste hainbat
guztiak ere hunkigarri
beren antze ederrean
guztiak ere patetiko
haragi bihurtu ezinean.
Besarkada burdinazko bat asmatu zuen
euskal eskultore batek ere:
Angelutik hego-mendebaldera,
postaletan agertu ohi diren
hondartza ospetsu biren artean
lehorrak uretan sartzen duen
harrizko mihi batean.
Burdinazko bi pieza zurrun
paralelo
amaieran malgutu eta katigatu egiten direnak
itsas-lurrak marearen joko eternalean bezala.
Besarkada gauza ederra da
eta irauten duen bitartean
guztia ezabatzen da
egiazko besarkadak
ez dira betirako baina.


6.

Maitasunak eta gorrotoak
ezin omen dute bat egin.
Urak eta olioak bezala.
Bat dagoen tokian
ez da bestearentzako lekurik.
Aldi bat dago giza gogoan
batarentzat
beste aldi bat bestearentzat
liburu zaharrek zioten moduan.
Banatzerakoan ere
batzuei emango diegu batetik
beste batzuei bestetik.
Gerta liteke lehen gure maitasuna jasotzen zuenak
gero gure gorrotoa merezi izatea
edo alderantziz.
Baina aldi berean ez, zeren
maitasun eta gorrotoa
esan den bezala
ez dira nahasten.
Hemen, baina, gauza harrigarria gertatzen da.
Amodioaren gela izendatu dugu hau.
Elkar maite duten bi lagun daude bertan
aspaldiko partez
bata bestearen besoetan
intzirika
edo negarrez
denetik izaten baita amodioaren ziega honetan.
Amodioa dute eginkizun,
baina gorroto duten hark
gorroto dituen hark
prestatu die hitzordua:
hark die atea ireki
hark die atea itxi
hark miatu ditu sartu aurretik
hark ditu arakatuko irten ondotik
hark esaten du noiz hasi
eta hark aginduko du noiz amaitu.
Nola edoski esnea putrearen bularretik?
Maitearen eskuko ogia ez al da bihurtuko pozoi?
Behazuna dario haragiaren dardarari
behazuna amodioaren eztiari
behazuna.


7.

Oraindik minutu batzuk falta dira.
Zenbat?
Sei
bost
lau...
Erlojuari ez begiratzen ahalegindu
eta hala ere ezin begirik kendu
erlojuaren orratza bailitzan banatuko dituen ezpata.
Eta estu heldu, eta horrelaxe egon
hitzik gabe
masaila masailaren kontra.
Edo hitz egiten segi, solasean jarraiki
kontaidazu berriz
berbari eutsi, eleari atxiki.
Edo begietara begiratu
eta begi-niniaren sakonean irakurri
esan gabe utzi duten guztia.
Oraindik minutu batzuk falta dira.
Zenbat?
Bost
lau
hiru...
Esku bat beste esku baten parean jarri
eta gero behatzak katigatu
askatu ezineko korapiloan.
Edo esku horiekintxe neurtu maitearen bazterrak
eta hazpegiak
ahaztuko zaizkion beldurrez bezala.
Edo argazki bat atera
eta biek batera begiratu
negar-malkoari eutsi ezinik.
Oraindik minutu batzuk falta dira.
Zenbat?
Lau
hiru
bi...
Begiak itxi
eta sudur-zuloetan gorde
luzaroan aditu ezingo duen usain hori.
Edo beste behin hurrupatu ezpainen likorea
mozkorrak azken kopa
edo suizidak bere zikuta bezala.
Oraindik minutu batzuk falta dira.
Zenbat?
Hiru
bi
bat...


8.

Hutsik geratu da amodioaren gela
itsasoak garbitutako hondartza bezala.
Suma al liteke
hondar aleen artean
arroketan lehertutako olatuen berri?
Nork jakingo luke
apar deseginari begira
ekaitzak gogor astindu zuela bart?
Hutsik dago La Chambre d'Amour
goizalbako komun publikoak bezala.
Maitaleek ukitutako maskorretan ere
ezin nabari daiteke
haien ferekaren arrastorik.
Gorputzek harean utzitako sakonunea
aspaldi eraman zuen
marearen tirainak.
Eta hala ere
galernak jo zuen atzo
itsasontzi hondoratuen kroskoa ez ageri arren.
Eta hala ere
bi gorputz korapilatu ziren hemen
beren aztarna ur-txorrotak ezabatu arren.
Paretek ez dakite
argiak ez zuen deus ikusi
ateko sarrailak ez zuen ezer entzun
ohea ez da ezertaz oroitzen
gauzek ez baitaukate oroimenik
baina guk bai.


9.

Kantu-zati bera
behin eta berriz entzunarazten duen
disko hondatuaren antzera
atzera eta aurrera dabil burua
Amodioaren gelako bisita
birgogoratzen
bere xehetasun txikienean ere
errebisatzen
Rew eta Play
jokaldirik onenak errepikarazten dituen
futbolzalearen moduan
Rew eta Play.
Beti ez dira izaten jokaldirik onenak ordea.
Batzuetan bai:
irribarre gozo bat
begi-distira bat
esaldiko fresko bat...
une magikoak
hurrengo aldia iritsi arte
luzatu nahi lituzkeenak
aho-sabaian ibiliaren ibiliz
bere bixia galtzen duen
txiklearen antzera.
Besteetan ez:
bere konbaterik inportanteena
K.O.z galdu duen
boxeolariaren gisan
zauriak haztatzen
akatsak deitoratzen
bere burua zigortzen
jardungo du.
Halako esan zidanean
beste hori erantzun banio.
Holako eta holako galdetu ordez
isilik geratu banintz.
Zer esan nahi ote zuen
zer hori esatean?
Zergatik begiratu ote dit hala
ala nire irudimena izan da?
Rew eta Play
zaurian hatza.
Rew eta Play
zaurian gatza.
Kantu zahar baten doinua
burutik ezin
uxatuko balu bezala.
Jakin gabe seguruena
baina sumatuta agian
handik kilometro askotara
beste norbait ari dela
kantu bera edo oso antzekoa
bere jogailuan entzuten
behin eta berriz
behin eta berriz.


10.

Ez du merezi
ez naiz joango
gehiago.
Hainbat umiliazio
hainbat pareta
hainbat sarraila
hainbat ate
hainbat barrote
hainbat miatze
hainbat negar.
Zertarako?
Lasaiune fisiologio baterako?
Hori gabe ere
eutsi ahal izango dio.
Ez du merezi
ez naiz joango
gehiago.
Gainera
etsaiak nola garabiltzan ikusi beharra
Ganadua ote gara ba
gure nagusien esanetara?
hau barrura
hori kanpora
hau hazitarako
bestea haragitarako.
Ez du merezi
ez naiz joango
gehiago.
Azalduko diot
ulertuko du
eta denon onerako izango da.
Igual neronek pasatuko dut okerrena.
Jakinda bera han...
Eta ni hemen...
Baina ez du merezi
kasik.
Nahiz eta...
Noiz tokatzen da hurrena?


Beasainen, 2003ko maiatzean


Egileak gogo onez hartuko du lanari
buruzko edozein iritzi edo komentario
: xabier mendiguren

Xabier Mendiguren Elizegi

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '03