bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


maite toledo

 

Orhiko txoriñoa
Orhirat

Orhi mendiko zeruko
lainoak negarguraz,
kranpoiak oinetan,
pioleta eskumuturrean,
aurrekoek irekitako
ildoan noa,
aldapan gora,
urratsez urrats.

Mendiaren gorenean,
laino itxi itsua ageri da
soineko zuriz jantzia.
Ule eta betule izoztuak
antzigar hegalari itsaskorraren
helduleku bilakatu dira.

Orhiko txoriñoa Orhirat
xuxurlatu diot maitekiro
ene sabelaren epelean
loratzen ari den haurrari.


Anestesia

Betiko
loa
eskatuko niokeen,
iratzarri
nauen
erizainari,
bizitza
bizi kolorekoa
dela
ez baneki.



Orhiko zeruan

Orhiko txoriñoa orhirat
xuxurlatu diot
nire sabelaren epeletik
Orhiko zerura
hegaldatu haurrari.



Umore barre bareetan


Nire bihotzeko itsasontziaren lema, ur bizietan urte mantsoetan, umore barre bareetan, ez dago naufrago bilakatzeko


Bide bihurriak

Errekan isurtzen da errekastoa,
ibaian erreka,
itsasoan ibaia.

Errekastoa,
erreka,
ibaia
eta itsasoa bezalako
bide bihurria da bizitza.

Ez dago irla bakarrik,
ez lerro zuzenik,
ez betikotasunik.

Norbait,
zerbait,
izanen dugu
bide ertzean itxaroten,
norabidea bihurrituko diguna.

 


Ilargira joan nahi dut

Milaka zatitan apurtua,
lurrak puzzle erraldoia
dirudi hegazkineko leihotik.

Puzzleko lautadaren
ordeka desorekatzeko
mendi pikoak urrunean.

Mendi pikoen maldak
ordekatzeko, berriz,
putzu ispilu bilakatuak.

Lurra biribila omen;
Zerumuga, ostera,
urruneko lerro etzana.

Munduari ez diot nik
inoiz biribiltasun
absoluturik igarri.

Ez pentsa, lurraren
biribiltasunaren teoria
ukatu nahian nabilenik.

Ilargira joan nahi dut,
hura dakusadan eran
lurra biribila dela ikusi,
hodei ertzaren irristan
erori; zuregana etorri.



Maite Toledo

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '03