bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


galder perez

 

Maleta bat

Maleta bat daukat.
Bi izan zitezkeen
hiru
edo lau.
Baina maleta bakarra daukat
eta hartan beste guztiak gordetzen ditut.
Komeni ohi da maleta ondo itxita edukitzea.


Handik hona eramaten dut oraindik maleta.
Goizean ostikoak ematen dizkiot maletari
eta gauez errekara bota nahi nuke.


Komeni ohi da maleta ondo itxita edukitzea,
baina irensteko gordinegia da haren giltza.



Hala ere, hitz egin


Norekin hitz egingo dut
inork entzuten ez badu?

Inork ez du atzo gogoratzen
eta gaur da
inork aditzen ez duen eguna.

Eta bihar
inork entzuten ez duenean
norekin hitz egingo dut
inork entzuten ez badu?




Hozkailuan gorde dena


Ez dut ezer ahaztu nahi.

Dena niretzat gorde gura dut,
hozkailuan.

Dena zuretzat gorde gura dut,
hozkailuan.

Oroitzapenak izebergak bailiran
urtzen doaz;
gu ere, uretako
pilula eferbezenteak gara.

 

Nik batzutan pentsatzen dut

Nik
batzutan
pentsatzen
dut
...

Batzutan
nik
pentsatzen
dut
...

Pentsatzen
dut
nik
batzutan
...

Nik batzutan pentsatzen dut.

 


Bart, zabor artean

Bart, zabor artean, kalimotxo botila
erdi hutsik bota dute.
Igande goizeko eguzkiak plastikoa berotu du.
Bi litrotako Coca Cola botila epel dago.

Kalimotxoaren gasa izpien artean desegin da.
Harekin batera kolore gorriak ihes egin du
kale gorritik
hauts artean.

Zabor artean galdu da botila
abandonatuta
kakarekin batera sakabanatuta
ahaztuta.

Orduak daramatza agureak
preso bezala hesiaren bestaldean
makila eskuan duela,
zaporerik gabeko botila harrapatu nahian
hauts artean
ahaztuta, abandonatuta.



Horia eta zuria

Gora begiratu
eta airean
gorputzak hegalean.

Atzera ikusi
eta presaka
gorpuak korrika.

Begiak itxi
eta ingurua
loreek babestuta.

Zuhaitzetik loreak jausi dira
lore zuri eta horiak.
Zuria eta horia
zuhaitz erraldoia
gorputzak hegalean
gorpuak korrika.

Beltza, betirako agurra
eta zuhaitzetik lore zuri eta horiak
adio eternala.

 

 

Galder Perez

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '03