bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


nere elorriaga

 

eta nik salto atzeraka

Atzo irentsi ezin izan nituen pilula potearen alboan iratzarri naiz, eta atzoko negarrek eragindako buruko minarekin. Nire ama sukaldean dago, gosaltzen, edo lisatzen, edo beste inurri zereginen baten. Ez dakit komunera joan eta nire burua ispiluan begiratzeko beste izango naizen. Logelan amamak oporretatik urtero ekartzen dizkidan todoacien dendetako kandelen usaina dago. Goragalea sentitu dut. Hamarrak eta erdietan eskola daukat Gasteizen. Joan beharko nuke, agian. Nork daki, baliteke bidean autobusak istripua izan eta behingoz bizitza dioten honi bukaera ematea. Dena dela honek ezin du horrela jarraitu. Zergatik ezin izan nituen atzo pilulak hartu? Ze animalia mota dago nire barruan, hiltzera kondenaturik egon, baina heriotzaren aurrean sekula etsitzen ez duena, sufrikarioa luzatu arazi besterik egiten ez duena? Otsoa eta gizakia zituen Harry-k, nire animalia ez da otsora heltzen. Ostrukaren antza handiagoa du, heriotzaren horduan burua altxatzen duena, baina bizitzarenean izkutatu.
Komunera joan eta itzelezko ikara sentitu dut nire aurpegia ispiluan ikustean. Mila zatitan txikiturik dago, eta nire irudi zatikatua eta deformea erakusten dit. Ez nuen oroitzen ispilua nik hautsi nuela atzo, perfume potea eskuetan hartu eta bapatean nire buruari eman nion nazka nolabait askatzeko ispiluaren aurka jaurti nuenean. Perfumea. Dutxa. Janaria. Ikasketak. Ama. Mundu urrun honetara lotzen nauten kate aspergarri eta asmatuak, plastikozkoak, errezikla ezinak, erradioaktiboak. Baina bat-batean bururatu zait agian ispiluko irudi zatikatu hori dela benetan nirea, soka ikusezin horien joste lana baino lehenagokoa. Haur ginenean ere gure gorputza horrela sentitzen omen genuen, zatikatua. Hara hemen oina, hara hemen eskutxoa, hara hemen sudurra, eta belarri bat. Ispiluaren erdi-erdian zati bat falta da. Zoratu egin naiz bapatean zati horren bila, non ote dago pusketa madarikatua, pusketa zorrotz eta gardena, non dago, la hostia, hemedik ibili behar du, joder... Ez dut aurkitu. Nire amak batuko zuen seguraski, bere inurri ohetik altxatu eta bere inurri zereginetan hasi bezain laster. Eta nire burua imaginatzen dut dutxan, ur beroaren azpian, eskuetan behera odol jarioa, urarekin nahastu eta zoru zurian irudi ederrak marraztuaz, eta gero eta ahulago sentitu, ahulago eta isilago, uraren hotsa jadanik ez, baina bihotzaren taupadena bakarrik entzungo dudan arte, ozen, baina hau ere geroz eta geldoago, geroz eta bigunago, eta taupada horietako bat izango da azkena.

Baina ez dut pusketa madarikatua aurkitu, eta dutxa jadanik beroan sartu naiz, biluzik, biluzik eta zatikaturik, horra hor hanka bat, horra hor beso argal bat, gehiago nire gorputza ez den gorputza, nireak ez diren begien aurrean, nire ez den bainugelan, nire ez den etxean, herrian, munduan.
Sukaldera joan naiz, zerbait gosaltzera. Amak jadanik kiwi bat zuritu dit, eta kafesnea mikro-uhinaren barruan dago, biraka. Oraintxe  konturatu naiz katiluko arrainak igerian dabiltzala, uhin epeleko itsasoan igerian. “Maider, jaixu ba kiwixe!” “Ama, esan dotzut behin baino gahixauten ez jatela frutie zurittu deistezun gustetan!” “Beti berandu zabiz, eta... Arpei txarra dekozu. Ez dozu ondo lo ein, ala?” “Ez, auzokuek, zuk hori zer dan ahaztute aukingozu, baina narruten ibili diez”. Eta ez dit ezer esan. Ez dit erantzun, ez dit begiratu. Emakume honek ez al du sentimenturik? Ez al da haserretzen? Ezin dut jarrera hori jasan. Ispilua nola hautsi zen ere ez dit galdetu. Ni hiltzen naizenean beste inurriekin batera elizara joango da, inoiz baino inurriago, denak beltzez jantzita, burumakur. Eta hurrengo egunean berriro ekingo die inurri zereginei.

Autobusean irakurtzen ahalegindu naiz, baina ezin nuen. Lehiotik begira, eguzki gorri handi bat ikusi dut Anboto ostetik zerura agertzen. Zuzenean begiratu ezin nionez, leihora hurbildu eta kristala lurrindu dut ene harnasarekin, eta orduan bai, zuzenean begiratu diot. Konturatu orduko lurrina lehiotik askatu da, eta eguzkiak min egin dit. Eguzkiak min egin dit, eguzkiak irteteak min egiten dit. Lakua oso ederra dago gaurkoa bezalako goizetan. Ur azalean gora lurrin zuhaixkak hazten dira, eguzkiak hazten ditu eta eguzkiak hil. Zergaitik ez da nire ama horrelako batean nigaz haserretu eta ez nau leihotik behera botatzen? Hainbestetan errepikatu zaidan ametsa egi bihurtuko litzateke, gure sukaldeko leihoan behera eroriko nintzateke, eta nire hegaldian leihoetarantz begiratuko nuke, eta jendeari irribarre egingo nioke, eta izua ikusiko nuke beraien begietan, ostruka burumakurraren izua. Eta nire ostrukak ere inoiz baino sakonago sartuko luke burua lur azpian, harik eta ito arte.

Autobusetik jaitsi eta zapia estutu behar izan dut samaren inguruan, hau da hotza! Fakultatera bidean behin ere ez dut errepidea zeharkatzeko aldamenera begiratu. Azkeneko zebra bidean, baina, konturatu gabe burua biratu dut, eta auto bat ikusi dut, astiro, gerturatzen. Gidariak begietaara begiratu nau. Nire adin inguruko neska bat da. Aurrera egiteko eskumako hanka aurreratu dudanean azeleratu egin du, eta nik salto atzeraka. Zebra bide gainera igo da, eta kopilotoaren atea ireki du. Ezer ez du esan, baina barrura sar nedin nahi zuela ulertu dut. Eta sartu egin naiz.

Letra hauen idazleak usteko du, agian, nire zoritxarrak hemen bukatu direla.

 

  Nere Elorriaga

 


 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '04