Arkitektoa
Betidanik
irudimen handiko pertsona izan naiz eta hiriak, nazioak edota munduak
imajinatzea gustukoa izan dut. Txikitan adibidez, hondartzan nengoela,
hondarrezko gazteluak egitea eta bertako balizko biztanleen bizitzak
asmatzea izugarri gogoko nuen; zer egingo ote zuten denbora pasatzeko,
zoriontsuak izango ote ziren... Koskortzean, institutu garaian antzeko
jokoak nituen. Ikaskideekin ibili beharrean asmatutako hirien planoekin
klaseko koadernoak zirriborratzen orduak ematen nituen. Noizean behin
planoen etxadiren bat eraitsi, hots, borragomaz paperetik ezabatu, eta
bere ordez boulevard zabal bat, edota burnibide bat, geltoki eta guzti,
marrazten nuen.
Nire zaletasun edo deskribatutako dena delako hura ez zen heldua
egitean desagertu; aitzitik, biziagotu egin zen, batez ere nire
dibortzioaren ostean: Txikitatik arkitekto izan nahi izan nuen, baina
eskolako kalifikazioek ez ninduten Arkitektura Eskolara joaten utzi,
eta gizarte etxe batean administrari moduan lan egitearekin konformatu
behar izan nuen. Emazteak hasieran nitaz zerbait handia espero zuen,
baina denborak aurrera egin ahala galtzaile hutsa besterik ez nintzela
konturatuz joan zen, eta azkenean gure seme bakarraren eskolako
heziketa fisikoaren irakaslearekin enroilatu, eta berarekin bizitzera
joan zen, haurra aurretik eramanda, baita epaitegian niri ateratako
elikatze-pentsio ederra ere. Handik aurrera nire bizitza pikutara joan
zen, eta kontsolamendu eta aterpea libretatxo txiki batzuetan
bilatzeari ekin nion. Bertan hiri eta herrien planoak –institutuan
bezalaxe- marrazten nituen batzutan. Gehienetan, ordea, planeta
sistemak gauzatzea nahiago nuen. Lehen beren izarrak, ondoren planeta
batzuk, eta gero planeta bakoitzari zegozkion kontinenteak. Bukatzeko,
kontinente bakoitzean, eta kolore desberdinekin, nazioak eta estatuak.
Batzutan ilargiak ere egiten nizkien gehien gustatzen zitzaizkidan
planetei. Horrela gauak eta egunak joaten zitzaizkidan ia konturatu
gabe, eta berdin zidan etxean nahiz lanean egoteak. Hurbilen neukan
koaderno edo orri solterik –lanean erabilitako inprimakiak barne-
hartzen nuen eta zirriborroez betetzen orduak eta orduak ematen nituen.
Egoera honek, jakina, ezin zuen luzaro iraun. Laneko nagusiek
“hilabeteko langilea” sekula ez nintzela jakin bazekiten, baina
dibortzioaren osteko boladan egindakoak –edo ez egindakoak, hobe
esanda- gehiegi ziren, eta azkenik, arrazoi osoz bestaldetik, ni
bidaltzea erabaki zuten. Eta nire kaleratzearen egunean hain zuzen,
bulegoa garbitzerakoan, dena aurkitu zuten: Fotokopiagailurako ehunka
folio eskemez eta formulez beteta, Udalaren inprimaki asko eta asko
eguzki-sistemen izenen zerrendekin, eta txarrena; koaderno bat non
Xmü23 planetaren bederatzi arraza taldeen deskribapen zehatzak
ematen bainituen. Aurkikuntza honek probintziako psikiatrikoko ateak
parez pare ireki zizkidan.
Gaur egun ordea, psikiatriko honetan hamaika hilabete igaro ondoren,
bertako terapia, pilula, eta batez ere psikiatrari esker, esan dezaket
zalantza izpirik gabe erabat sendatuta nagoela. Are gehiago,
psikiatraren laguntzaz nire zoramenaren kausa arrazoitu eta ulertzea
lortu dut: Pertsona moduan errealizaturik ez sentitzeak ekarri zidan
gutxiagotasun-konplexuak –nahi nuen lanbidea ikasi ezinaren ondorioz-
nik sortutako munduetan aterpe bilatzera eraman ninduen, mundu horietan
jainkoek bezala jokatu nezakeelako, era horretan nire behar
psikologikoak bideratzeko pultsio sortzailearen bitartez –ez zentzu
artistikoan, baizik eta egile goienaren (jainkoaren) moduan-.
Zorionez, kate obsesibo honekin apurtzeko gauza izan naiz, eta orain
kanpoko mundura itzul naitekeelakoan nago. Ilusio handia egiten dit
atera, nire bizitza berregin eta, besterik gabe, bizitzeak edozein
pertsona normal bezala. Nire pena bakarra da gaixotasunaren garaian
sortutako munduak abandonatu behar izatea. Ez dut uste bere kabuz
bizirauteko gauza direnik. Bereziki gogoan dut bat, nola zuen izena? A,
bai. Lurra. Gogoratzen dut bertako biztanleek denbora osoa ematen
zutela elkarren artean hiltzen. Seguruenik hilabete luze hauetan,
planeta leherraraziz, Lurra horretan inor bizirik ez geratzea lortuko
zuten, horretarako nahikoa teknologia bazuten, behintzat.
Luis Garcia Angulo
|